Babarrun jana egingo dute Meipin hilaren 19an
Meipiko Jai Batzordea martxan da berriro. Bazkalostean, bingoa eta dj-a egongo dira frontoian. Tiketak salgai daude jada.

Meipiko Jai Batzordeak babarrun jana antolatu du hilaren 19rako, larunbatarekin, frontoian. 14:30ean elkartuko dira, eta menua “betikoa” dela ohartarazi dute: babarrunak, sakramentu guztiekin (odolkia, saiheskia, txorizoa, aza eta piperminak).
Tiketak 18 eurotan jarri dituzte salgai. Horiek erostearekin, aipaturikoaz gain, edaria, postrea eta kafea ere izango dute mahaikideek. Txartelak salgai daude Pari Berri, Ganbara, Meipi, Juantxo eta Patxiku tabernetan. Gehienez ere 150 lagun elkartu ahalko dira.
Bazkalostean bingoa egingo dute, eta badaude sariak: Kartoia lehen osatzen duenari urdaiazpikoa emango diote, eta linea kantatzen duenarentzat, berriz, gazta bat dute opari. Jokoaren ondoren, DJ-a eta barra egongo dira Donibaneko pilotalekuan.
Aparteko zerbitzu bi
Babarrun janaz gozatu nahi duten gurasoentzako zerbitzu berezi bat jarri dute martxan. Izan ere, babarrunak jan nahi ez dituzten haurrentzako mahai bereziak jarriko baitituzte, plater, mahai-tresna, ogi eta urarekin. “Horrela, gurasoek joateko aukera izango dute”, azaldu dute batzordekoek. Txikientzako bazkaria familia bakoitzak eraman beharko du.
Horrez gain, pilotalekuak komunik ez duenez, Meipiko Jai Batzordeak bertaratzen direnentzako komun mugikorrak alokatuko ditu. “Era horretan, pilotaleku ingurua ez zaigu zikinkeriaz beteko”, poztu dira.