Xoxolurren sasoiko bigarren irteera, Nafarroara
Hilaren 20an Baztan-Elizondo bidea egingo dute Lezoko mendizale taldekoek. Izen ematea ostiral honetan zabalduko dute.
Xoxolurrekoak, urriaren 23an Oñatin egin zen Finalista Egunean. Sasoiko bigarren irteera hilaren 20an egingo du Lezoko Xoxolur Mendi Klubak. Nafarroara joango dira, Baztan-Elizondo bidea egitera. Izena emateko aukera bihartik (ostirala) izango da zabalik, Orki tabernan. Hilaren 17ra arteko epea dago apuntatzeko. Helduen prezioa hamar eurokoa da, gazteena zortzikoa, eta familia ugariena 36koa.
Hilaren 20an (igandea) 08:30ean elkartuko dira Ijurkon irteerarekin bat egingo dutenak, han autobusa hartu eta Baztan aldera joateko. Ibilaldia 3-4 ordukoa izango dela aurreratu dute. Martxa bukatzean Elizondora hurbilduko dira, bazkaltzeko, eta aldi berean hango pilotalekuan besteak beste pilotara j0katzeko. 18:30ak aldera itzuliko dira Lezora.
Ohikoa denez, hainbat aholku eman dizkiete Xoxolurrekoek bidaide izango direnei. Bi motxila eramatea gomendatu dute, bata mendira eramateko (hamaiketakoarekin, urarekin edo txamarrarekin) eta bestea autobusean uzteko (aldatzeko arroparekin eta bazkariarekin).
