400 kilo hondakin gutxiago Zubitxo errekan
Euskal Herria plazaren eta Arraitokiren artean egin dute garbiketa, bi egunez. Udalak kontzientziazio kanpainak egingo ditu.
Lezoko Udalak datua eman du: bi egunetan, 400 kilo hondakin jaso dituzte Zubitxo errekatik, lehen egunean 150 eta bigarrenean 250. Herriko hezegunea zehatzago garbitzeko Urzain Taldea kontratatu zuen udalak, eta epe horretan egindako garbiketaren emaitza da azken hori. Izan ere, udalak adierazi duenez, bide garbiketarako zerbitzuak errekastoan dauden hondakinak kentzen ditu, baina Ingurumen sailetik errekak “intentsitate handiagoko garbiketa” behar zuela erabaki zuten.
Bi egun horietan jasotakoen %90a birziklatzera eraman dute; birzikla ezin zitezkeena Oiartzungo garbigunera eraman dituzte. Ingurumen jarduera txosten batean jaso du udalak. Klik egin hemen hori ikusteko.
Euskal Herria plaza eta Arraitoki arteko zatia garbitu zuten Urzaineko langileek. Aspalditik nahiz berriki isuri diren hondakinak atera dituzte errekatik, hala nola txatarra eta metalezko gaiak, bizikletak, patineteak, pibotak, irrati bat, zirkulazio seinale bat, eta lata nahiz hondakin plastiko asko. Obretako hondakinak, baita egur nahiz ehun zatiak ere atera dituzte Zubitxoren isuritik.
Joxean Sanchez Ingurumen zinegotziak garbiketan parte hartu zuen. Azaldu du gobernu taldearen lehentasunen artean dagoela udalerriko erreken ingurumen kalitatea hobetzea, beraz, ohikoan bide garbiketarako zerbitzuak egiten duen lana indartzea erabaki dutela jakinarazi du, “tarte zehatzetan ahalegin handiagoa egin behar zela uste genuen. Jasotako hondakinen datuek diote garbiketa horiekin jarraitu behar dutela”. Beraz, udalaren asmoa da, garbiketak indartzeaz gain, informazio eta kontzientziazio kanpainak egitea, “gure erreken ingurumen kalitatea kontserbatzearen garrantziari buruzkoak”.