Topoko obren jarraipena egiteko batzordea eskatu du EH Bilduk
Koalizio abertzaleak Izaskun Gomez alkateari idatziz galdegin dio ETS Antxon egiten ari den lanen jarraipena egiteko taldea sor dezala.
Pasaiako EH Bilduk idatzizko eskaera egin zion atzo bertan Izaskun Gomez alkateari, Euskal Trenbide Sarea Pasai Antxoko topo geltoki berria sortzeko egiten ari den obren jarraipen batzordea sor dezan. Taldeak SOS Antxo eta Laurak Baten ordezkaritza eduki dezan ere eskatu dute.
Batzordearen helburuek zeintzuk beharko luketen zehaztu du oposizioko alderdiak: “Barrutian sortutako intzidentziaren jarraipena, plantea litezkeen kexen edo aldaketen kudeaketa bai eta horien eraginek eta horiek gutxitzeko hartu beharreko neurriak erabakitzea”. Taldea bi hilean behin, bederen, biltzea proposatu dute, obrak bukatu bitarte.
Mikel Garcia zinegotziaren arabera, neurri bereziak diseinatu behar dira egoera bizilagunentzat ahalik eta jasangarrien izan dadin: «Udal gobernuak molde zehatz bat sartu beharko luke lurperatze-proiektuaren barruan herritarrei eragozpenak eta zerbitzu murrizketak leuntzeko eta, ahal den neurrian, saihesteko. Horregatik proposatu dugu foro hau”.
Joan den urrian herriko zenbait espazio eta elementurekin lotutako eskaera idatzia egin zion EH Bilduk PSE-EEk eta EAJk osatutako udal gobernuari. Besteak beste, kanasta eta fut-pong mahaia Biterira mugitzea, gune horretan bertan parke probisional bat ezartzea edota obragatik itxita gelditu diren komun publikoei alternatiba ematea. Oraindik ez dute erantzunik jaso.