[Galeria] Etorkizunean lorpen gehiago izatea opa dizkiote Hibaikari
Errenteriako Udalak harrera egin die bi traineruetako arraunlariei. Biek ala biek bigarren bukatu dute denboraldia, eta egindako lana aitortu diete.
Harrera ekitaldia bukatzeko, argazki handia egin dute bertaratutakoek. Hibaikako arraunlariek entrenamendu eguna izan dute gaur. Salbuespenezko ezer arraunak duen diziplina espartarraren ildoan. Hala ere, ezohikotasunetik izan du goizak: Errenteriako Udalak harrera egin die udaletxean. Arraunlariek denboraldi honetan lortutako banderak ez dituzte Ondartxoko lokalean ahaztu.
Lau talde politikoetako ordezkariak izan dira bertan, eta Aizpea Otaegi Mitxelena alkateak hartu du hitza. “Letra larrizko zorionak” eman ondoren, gogorarazi du Errenteria-Oreretak ez duela Oriok, Hondarribiak edo Pasaiak izan dezaketen ibilbidea arraunean.
Horregatik, 1987an Hibaika sortu zutenen “adorea eta ekimena” txalotu ditu. Ordura arte estropadak kolore arrosako zapiarekin bizitu zituela aitortu du alkateak, Hibaikaren gorriarengatik aldatu arte. Orduko keinu berrinterpretatu, eta zapi poltsikotik atera eta lepoan jarri du.
Duela hiru hamarkada gizonek bakarrik lehiatzen zuten, eta duela hamarkada pasatxotik aurrera emakumeen traineruak egindako lan guztia zein lortutakoak txalotu ditu Otaegik. “Herri honi arrauna ikaragarrizko ilusioarekin bizitzeko aukera eman diguzue, baita Kontxako Bandera ere. Herri gisa ikaragarria da hori”.
Arraunlarien “lana eta konpromisoa” goraipatu ditu, profesionalak ez diren arren. Kluba sustatu eta eguneroko funtzionamendua aurrera eramateko lana ere nabarmendu ditu. Alkateak ez ditu ahaztu guraso, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideak.
Hibaikako bi traineruak bigarren bukatu dute bakoitzaren kategoria. “Kirol lorpenez harago, nabarmendu nahi dut herri honek itsasoarekin eta arraunarekin nolabait galduta zuen lotura hori berreskuratzea, eta arraunarekin lotutako herri harrotasun handi bat eraikitzea”, esan du Otaegik, lorpen, ahalegin eta erronka berriak opatu aurretik. Errenteriarren “babes osoa” izaten jarraituko dutela iragarri die.
“Hibaikaren izena goian mantendu”
Hibaikako nesken eskifaiak EuskoTren Ligara igotzea lortu duenez, bi dantzarik aurreskua eskaini diete, udal txistularien jotako melodia dantzatuta.
Segidan, Iñaki Mendizabal nesken entrenatzaileak hartu du hitza. Eskerrak eman ondoren, esan du helburua lortu dutela. “Hemendik aurrera, saiatuko gara Hibaikaren izena goian mantentzea, ahal bezain beste”, jarraitu du Mendizabalek. Horretarako lana eta konpromisoa izango dituztela hitz eman du.
Josetxo Arrizabalaga mutilen entrenatzaileak modu bertsuan hasi du hitzartzea, udalari emandako babesa eskertuta. Arraunlarien lana aitortu du segidan. “Negu gogorra izan zen; askotan ez genuen trainerua betetzen. Denboraldi oso polita egin dugu. Txapeldunorde izatea ez da lan erraza, ikusita nola hasi ginen, eta, are gehiago, jakinda nondik datorren talde hau eta zein zailtasun dauden mutilen ligetan”, errepasatu du Arrizabalagak.
Denboraldi hasieran jarritako helburua baino “askoz hobeto” ibili direla erantsi du mutilen entrenatzaileak. “Oraindik ez gara ez Hondarribia ez Orio. Espero dugu martxan honetan jarraitu eta pauso batzuk ematea, Hondarribia edo Orio bihurtzeko… edo haiek bezalakoak ez bagara, behintzat, Getaria bezalakoak izateko”, bukatu du, entzuleen barre eta txalo artean.
Pleno aretoko ekitaldia bukatzerakoan, hamaiketako txiki batekin gozatzeko aukera izan dute arraunlariek. Diziplinaren gogorrak bere fruitu gozoak ematen dituelako.
