Alaia Martinek larunbatean jokatuko du finalerako pasea
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdien itzuliko lehen saioa izango da larunbatekoa, Amurrion. Beste bost bertsolariak nor izango diren argitu da.
Pasa den larunbatean bukatu zen, Durangoko saioarekin, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdien joaneko saio sorta.
24 bertsolari aritu dira, eta sei kanpoan geratu dira. Orain, beste hiru saio egin beharko dituzte, eta lehenengoa Amurrion (Araba) izango da, Bañueta kiroldegian. 17:00etan hasiko da saioa.
Bertan arituko da Alaia Martin Etxebeste oiartzuarra. Finalerdietan ari diren 24 bertsolarien artean puntuazio onena lortu duena izan da, 729,50 punturekin. Oinarri ona du itzuliko faserako.
Izan ere, bi saioetan lortutako puntuak batuko dituzte, eta hiru saioen ondoren, zazpi onenek lortuko dute finalerako txartela. Puntuazio altua lortzeak bidea asko erraztuko lioke Martini, zuhurtziaz jokatuta betiere. Izan ere, abenduaren 3ko saioa —faseko hirugarren eta azkena— jokatu arte ez da ezer argi geratuko.
Larunbateko saioan Agin Laburu, Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita eta Aitor Bizkarra izango ditu oholtzan kide.
Beñat Vidal izango da saioaren aurkezlea, eta honako ofizioak jarriko dizkie bertsolariei:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Ganbarako lana: banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.