Añabitarte baserria Mari Domingiren etxe berria izango da
Datozen asteburuetan Orereta Ikastolako baserri inguruko zelaiguneak "magiaz, iratxoz eta sendabelarrez" beteko dituzte. 40-45 minutu inguruko ibilbidean, magia bilgunea, sorgintzen baratzea eta Mari Domingi bera bisitatzeko aukera izango da.
“Eguberri garaiaz gozatzeko” asmoz, proposamen berri batekin dator Orereta Ikastola. Mari Domingiren Errepublika Magikoa izeneko esperientzia eskainiko dute hilaren 19tik (larunbata da) abenduaren 18ra bitarte, astebururo. “Euskal Herriko betiko tradizioak eta egungo jendartearen izaera, desio nahiz erronkak uztartzen dituen esperientzia magikoa” izango dela aurreratu dute ikastolako iturriek. Aurreko bi urteetan Mari Domingi bisitatzeko antolatutako egitasmoak jasotako harrera onak bultzatu ditu aurten ere antolatzera, aurten “proiektuari gorputz eta mami handiagoa emateko apustua” egin du ikastolak.
Hala, Añabitarte baserria Mari Domingiren etxe bihurtuko da eta haren inguruko zelaiguneak “magiaz, iratxoz eta sendabelarrez” beteko dituzte datozen asteburuetan. 40-45 minutu inguruko ibilbidean, bertaratzen direnek magia bilgunea, sorgintzen baratzea eta Mari Domingiren etxea bisitatzeko aukera izango dute. Azkenik, berarekin berriketan aritu, gutuna eman eta salda bero bat hartzeko aukera izango da.
“Mari Domingi da errepublikak magikoaren zaintzailea, Eguberri berriena egi bihurtzen duen jeinua. Laguntzaileak ere baditu, noski: galtzagorri bihurri bezain jatorrak”, erantsi dute ikastolakoek. Mari Domingik mendian urrun duen bizilekua aldi baterako utzi eta herritik gertuago dagoen etxe baten beharra duela adierazi dio ikastolari, horregatik eskaini diote baserria. Olentzerok berea duenez, ez da bertan izango.
Esperientzia honetan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute, lotura honetan.
Emakumea eta natura ardatz
Ikastolakoek honako gogoeta egin nahi izan dute, honakoa nabarmendu dute aurtengoari begira: Olentzeroren ondoren iritsi dela Mari Domingi, “haren itzalpean: haren emazte, laguntzaile edo lagun gisa”. Existitzeko Olentzero behar izan duela diote, eta bide horretan, estereotipo horiek hausteko asmoz, pausoa eman nahi izan du ikastolak, “Mari Domingiri izaera propioa eman berez eta nahi duen bezala existitzeko, genero eta familia eredu jakinei lotu gabe. Egiteko asko dagoenaren jakitun, bide horri ekarpena egin nahi dio ikastolak egitasmo honekin”, erantsi dute.