Bikilak Alternatibaren omenaldia jaso du
Alderdiko zuzendaritza utzi du Joxe Iriarte 'Bikila'-k. 53 urte eman ditu militatu dituen erakundeetako zuzendaritza postuetan.
EH Bildu osatzen duen Alternatiba alderdiak koalizioak deitutako manifestazioa aprobetxatu zuen Koordinakunde Nazionala berritzeko.
Bilbon elkartu ziren, eta batzorde gorena utziko dutenen artean Joxe Iriarte Bikila dago. Txapela jantzi zioten, Dabilen harriari, goroldiorik ez leloarekin, alderdiaren zuzendaritzan egindako lana eskertzeko.
Baina ez hori bakarrik: bere militante ibilbidea laudatu zuten. Alternatibak bere Twitter kontuan errepasatzen duenez, 1964an hasi zen bere ibilbidea, ETAn eta CCOOn.
Ondoren etorri ziren LKI, Zutik, Gorripidea eta Alternatiba. Nabarmendu dutenez, 1969tik 2022ra arte egon da Errenteria-Oreretan jaio eta Oiartzunen bizi den Iriarte engaiatuta egon den erakundeetako zuzendaritzetan.
Bileretan baino, “kalean” gehiago ikusi dutela azaldu dute. Eskerrak emateaz gain, idazten, militatzen edo korri egiten ikusten jarraituko dutela konbentzituta daudela jakinarazi dute Alternatibakoek.