Bihar berrirekiko dituzte Antxoko liburutegiko ateak
Hainbat tokitan ur filtrazioek eragindako arazoak konpontzeko lanak egin dituzte itxialdian, baita apalak eta zoruak konpontzeko lanak ere.

Pasai Antxoko liburutegiak bihar berrirekiko ditu ateak, gunean zenbait konponketa lan egin ondoren. Nagusiki, ur filtrazioek eragindako arazoak dira konpondu behar izan dituztenak.
Azken urteotan izan diren ur-filtrazioek kalteak eragin dituzte kultura guneko zenbait tokitan: apal batzuk, tarima zati bat eta sabai eta horma batzuk hondatu dira. Liburutegia gune erkidea izanik, jabe erkidegoak onartu behar izan ditu lanak, eta hori eginda abiatu dituzte konponketa lanak.
Besteak beste, honako lan hauek egin dituzte Antxoko liburutegian: kaltetutako apalategiak eta gaztainondo-tarima kendu, arrastelak aldatu eta tarima berria jarri, leundu eta bernizatu, eta hondatutako estaldurak konpondu.