Manifestazioa deitu du SOS Antxok "ilusiozko etorkizun baten alde"
2030ean zer-nolako barrutia izan nahiko luketen irudikatzeko mobilizazioak abiarazi ditu koordinakundeak. Lehena, larunbat honetan bertan.

Azken herri batzarrean iragarri zuen SOS Antxo Koordinakundeak mobilizazioak abiaraziko zituela “etorkizun partekatu eta ilusiozko baten alde”. Eta lelo horren pean, hain zuzen ere, lehen manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako.
Obren egunerokoa bizi eta pairatu bai, baina etorkizunean zer-nolako barrutia geldituko zaien ez dakitelako frustratuta agertu ziren zenbait bizilagun azken bilkura horretan. Ezinegon hori bera partekatzen du koordinakundeak, eta ez hori bakarrik, etorkizunerako zenbait proposamen diseinatu eta dagokien aginte organoei ere aurkeztu dizkiete horiek.
Hilabeteak joan dira ordutik, eta tarte horretan instituzioen inolako erantzunik jaso ez izana izan da, akaso, urak gainezka egiteko falta zen tanta. Kalera aterako dira Antxoko etorkizuna diseinatu nahi dutela aldarrikatzeko, eta horretarako baliabide eta aukerak exijitzeko agintariei.
Manifestazioa datorren larunbatean —hilak 19— izango da, 13:00etatik aurrera Axular plazatik abiatuz.