Giriziak giro ederrean ospatu ditu 40 urteak
Elkarteko hiru sailek ekintza bana antolatu dute, lehendakari izandakoak omendu eta bazkari baten bueltan elkartu dira.
Girizia elkarteak 40 urte bete ditu aurten. Lau hamarkadak ospatzeko asmoz, egun osoko egitaraua antolatu zuten iganderako. Eguraldiak lagunduta, giro ederrean ospatu zuten urteurrena.
Goizean goiz, pilota, mendi eta txirrindularitza sailek jarduera bana antolatu zuten. Gaztetxoek pilota partidak jokatu zituzten kontsejupean.
Horrez gain, 40 bat lagunek mendi sailak antolatutako martxan parte hartu zuten, herriko mendietatik barrena. Zikloturistek, berriz, hiru bat orduko itzulia egin zuten errepideetatik.
Eguerdi partean, plazan elkartu ziren denak. 40 urteetan zuzendaritza batzordean lanean aritu diren zazpi lehendakarien lana goraipatu zuten, eta oroigarria eman zieten ordezkariei. Hauek izan ziren aitortutakoak: Xabier Landa Arbelaitz, Iñaki Arbelaitz Gelbentzu, Roman Iza Lizarazu, Garikoitz San Jose Izagirre, Manuel Barrenetxea Urkia, Iñigo Romero Anton eta Marijose Aranburu Arbelaitz.
Ekitaldi xume horren ondoren, dultzaineroek eta bertsolariek plaza ingurua girotu zuten. Segidan, elkartera abiatu ziren bazkaltzera, trikitilariek lagunduta.
Ehun bat lagun elkartu ziren mahaien bueltan, eta ilunabarrera arte luzatu zuten bazkalondoa, kantuan eta berriketan.
Girizia elkarteko zuzendaritza batzordeak eskerrak eman dizkie bai igandean parte hartu zutenei, baita elkartean modu batera edo bestera parte duten guztiei.