Zabalik da Errenteria-Oreretako 20. San Silbestrean izena emateko aukera
Azken urteetan ohikoa den moduan, 3,5 edo 7 kilometroko lasterketak egin daitezke. Haurren probak ere izango dira.
Ez gelditu da Errenteria-Oreretako 20. San Silbestre lasterketaren leloa. Behobia-Donostia egin berri denean, izenburu oso egokia korrikalariak erakartzeko. Izan ere, Errenteriako Atletismo Taldeak (EAT) jada jendartera zabaldu du abenduaren 31ko herri lasterketan izena emateko aukera. Ohikoa den bezala, nagusien lasterketarako bi ibilbide prestatu dituzte: motza (3,5 kilometrokoa, bira bat herriari) edo luzea (7 kilometrokoa, bi birakoa).
Izen emateen kostua 14 eurokoa da, eta horiek EATren webgunearen bitartez egin daitezke. Nagusien lasterketa urteko azken eguneko 17:00etan abiatuko da, baina aurtengoan EATk gaztetxoen lasterketak berreskuratuko ditu, bi urtez, pandemiagatik, bertan behera utzi izan dituzte-eta. Horiek 16:30ean hasiko dira.