Eguzkik alegazioak aurkeztu dizkio Zarata Planari
Planean jasota dauden neurriek, horren beraren helburuak ez dituela betetzen uste du talde ekologistak.
Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak alegazioak aurkeztu dizkio Lezoko Udalaren Babes Akustiko Bereziko Plan Zonalari, laburrago esanda, Zarata Planari. Jendaurrean izan zen plan hori, herritarrek alegazioak eta ekarpenak egin zitzaten, “hamabost eguneko epe laburrean”, Eguzkiren ustez. Taldekideen arabera, planak “ez du anbiziorik”, eta eragina izan dezakeen eremuan “eragin akustiko negatiboak konpontzeko edo minimizatzeko” zereginean “eskasa” dela adierazi dute.
Harago joan da Eguzki, esanaz planaren barruan dauden neurri zuzentzaileek, planaren helburua betetzeko balio ez dutela: “Onartutako neurrien artean ez dago planaren helburua betetzen duen bat ere ez”. Gainera, plana bera atzerapenez egin dela adierazi dute, “urte askotakoa”, Espainiako Estatuan aplikatzekoa den araudia 2007koa delako, eta EAEkoa 2013koa.
Eguzkik espero du Lezoko Udalak aintzat hartuko dituela haien ekarpenak, “horrela gai hau konpondu ahal izateko, gaueko atsedenerako eskubidearen aurkakoa baita, eta batez ere inguruko bizilagunen osasunari eragiten baitio, arauditik gorako balioak dituzten emisio akustikoen eraginpean baitaude”.