Indarrez hasiko da Euskaraldia Pasaian
Bihar, Euskaraldia iritsi dela irudikatzeko Pasaiako lau barrutietan animazioa izango da. Kultur ekitaldi gehiago daude asteburuan.
Bihar hasiko da hirugarren Euskaraldia, Hitzez ekiteko garaia du lelo. Pasaian indarrez hasiko da, bihartik bertatik Ahobizien eta Belarripresten hamabost eguneko topagunea girotzeko ekitaldiak izango direlako herrian. Alta, bi rol horien txapak jaso beharko dituzte izena eman eta herrian aurreko egunetan jarritako mahaietara hurbiltzerik izan ez dutenek (izen ematea zabalik da Euskaraldiaren webgunean): horiek Pasaiako lau liburutegietan eskura daitezke, eta Antxoko kasuan, larunbatean espresuki mahai jarriko dute, 12:00etatik 14:00etara, Kultur Etxearen atarian.
Bihar, Euskaraldiaren iritsiera irudikatzeko Joselontxo’s txarangak lau barrutietatik bira egingo du. 15:30ean Antxoko Xenpelar AEK euskaltegiaren parean hasiko dute festa; ondoren, 17:00etan, Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan egingo dute girotze ariketa txarangakoek; 18:15ean Donibaneko Meipin izango dira, eta 19:30ean San Pedroko frontoian.
Horrez gain, herrian Euskaraldiaren barruko bi kultur ekitaldik tokia izango dute asteburuan. Honakoak dira:
- Larunbatean (hilak 19), 19:00etan eta Antxoko Kultur Etxean, Mikrotik… bakarrizketa egingo du Nerea Arriola aktoreak.
- Igandean (hilak 20), 12:30ean eta San Pedroko pilotalekutik hasita, Miren Artetxe eta Etxahun Lekue bertsolariek ...nahi dugu hitz eta jolas bertso poteoa egingo dute. Ainhoa Urienek emango dizkie gaiak.
Euskaraldiaren helburu nagusiena da euskararen erabilerari bultzada ematea. Hitzez ekiteko garaia da.