Ziritza eta Nafarroa etorbiderako inbertsioak eskatu ditu EH Bilduk
Espainiako Gobernuaren aurrekontu proiektuari aurkezturiko zuzenketen artean, Ziritza eta Antxoko Adifen geltokia jaso dituzte.
Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak ehun zuzenketa partzial inguru (156 milioi euro, orotara) aurkeztu dizkio Espainiako Gobernuaren aurrekontu proiektuari, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako beharrezko ekarpen ekonomikoak jasota. Horien artean jaso dituzte Pasaiarako inbertsioak; zehatzago, Trintxerpe eta Antxoko barrutiak hobetzeko.
Batetik, Espainiako Gobernuari galdegin diote Ziritza eraikina udalari lagatzeko espedientea azkartzea eta, horrez gain, 300.000 euroko diru partida bat ematea eraikin horretan efizientzia energetikoa eta mugikortasun bertikala hobetzeko elementuak instalatzeko.
Bigarren proposamenak Antxoko Bulebarraren Aldeko Plataformaren proposamena jorratzen du. Zehazki, Adifen geltokia atzera eramateko (Nafarroa etorbidearekiko) eta, bidea zabalduz, bulebarra sortzeko eskatu dute bilkideek. Horretarako, 4 milioi euroko inbertsioa egitea proposatu dio koalizio abertzaleak Espainiako Gobernuari (2 milioi 2023an eta beste 2 milioi 2024ean).
Proposamenak Madrilen eztabaidatuko dituzte. “Pasaiako EH Bildutik espero dugu gainontzeko alderdiek ere gure herriaren garapenarentzat ezinbestekoak diren egitasmo hauen finantzazioa babestea 2023an proiektu hauek errealitate izan daitezen”, adierazi dute.