Erlaxatze teknikak ikasteko tailerrak, Oarsoaldeko euskaltegietan
Mintzagun egitasmoaren aterkipean, Ana Conde adituak tailer bana emango die eskualdeko euskaltegietako ikasleei.
Azterketen edo estres egoeren aurrean erlaxatzen eta lasaitzen ikasteko teknikak irakatsiko dizkie Ana Conde adituak Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleei datozen bi asteetan, Erlaxatze teknikak izeneko tailerrarekin. Saioak hilaren 21etik abenduaren 5era bitartean izango dira, eskualdeko 6 euskaltegietan.
Ikasturtero sei gai jorratzen dira Oarsoaldeko Euskara Batzordearen Mintzagun egitasmoko tailerretan. Gai bakoitzarekin tailer bana egiten da eskualdeko sei euskaltegietan. Ordu eta erdiko iraupena izan ohi dute saioek eta horien helburua gai erakargarri, berri eta gaurkotasunekoak euskaraz eskaintzea da.
Hala, ikasle horien bizipenetan gai hori beti euskaraz ageriko da lehen kolpean behintzat. Edozein gai euskaraz jorra daitekeela eta ikasleak ulertzeko gai direla ohartaraztea ere helburu nagusien artean daude, besteak beste.
Horra hor hitzorduak:
- Hilaren 23a, asteazkena. Pasaiako Udal Euskaltegia. Ordua: 09:30 – 11:00.
- Hilaren 23a, asteazkena. Txirrita AEK (Pasai Antxo). Ordua: 19:00 – 20:30.
- Hilaren 29a, asteartea. Errenteriako Udal Euskaltegia. Ordua: 16:30 – 18:00.
- Hilaren 30a, asteazkena. Oroitzene AEK (Lezo). Ordua: 09:30 – 11:00.
- Abenduaren 1a, osteguna: Intxixu AEK (Oiartzun). Ordua: 09:30 – 11:00.
- Abenduaren 5a, astelehena: Xenpelar AEK (Errenteria). Ordua: 09:30 – 11:00.