[Erreportajea] ‘Etxetxo’, askatasun olatuen bila
‘Etxetxo’ batela jendartean aurkeztu du Hibaikak. Ekitaldiko izen nagusiena, ordea, Pedro Usabiagarena izan da: Lezoko Etxetxo baserria zenetik bizirik den seniderik zaharrenak altxa du ikurrina.
«Oso sorpresa handia izan zen niretzat Hibaikan gertatu zena. Ez nuen inondik inora espero. Inguruak ikustera eta Hibaikaren gorabeherak jakitera joan ginen hara, eta halako batean, batelean ikurrina ikusi nuen. Sorpresa handia izan zen. Asko gustatu zitzaidan ezustekoa. Gure aiton-amonak eta osabak, eta aita jaio ziren baserriaren izena darama batelak, gurea da. Orain mundu guztiak jakingo du zer gertatu zen Etxetxon. Hibaikari eskerrak eman nahi dizkiot, esker handiak».
Aurreko hitzak Pedro Usabiagarenak dira, Lezoko Etxetxo baserriko senideetatik bizirik den zaharrena da. 1936ko uztailaren 27an baserri hartako Maria Oiartzabal eta haren hiru seme, Txomin, Xebastian eta Enrike, hil zituen frankisten aldeko komando batek, inolako azalpenik eman gabe, atzetik tiro eginez. Bidean abandonatu zituzten laurak, lurrean botata utzi zituzten. Aurrerantz jarraitu zuten faxistek, ezer egin ez balute bezala. Hildakoak Pedro Usabiagaren amona eta osabak izan ziren. Pedroren aita ez zuten harrapatu, soldaduskan zegoelako. Aitonak, berriz, senideak baino lehentxeago alde egin zuen baserritik frankistak zetozela konturatu zirenean, behiak toki seguruan uztera; horrek salbatu zuen sarraskitik. Beraz, familia horretako aita (Pedro Usabiagaren aitona, Prexku Usabiaga), eta anaietako bat (Joxe Usabiaga, Pedroren aita) salbatu ziren faxistek hiltzetik.
(…) Bizitzak aurrera jarraitu zuen, nolabait esateko, aita-semearentzat, Arroxalirentzat, eta lezoarrentzat, erail ez zituztenentzat… Nolanahi ere, herriaren eta familiakoon memorian geratu da betiko Etxetxoko Maria eta hiru semeen hilketa koldar eta miserablea. Horrelaxe gorde da sekretua, beldurraren mehatxupean oraintsu arte. Baina egiak beti topatzen du bere bidea: askatasunaren bidea. Goian beude birramona Maria eta, Xebastian, Enrike eta Txomin osaba txikiak.
Miren Usabiaga Artolarena da (Pedroren alaba) ondoko testua, ‘Ilunpetik argitara’ liburuxkan argitaratutakoa.
2022ko urriaren 30a
Urriaren 30ean Etxetxo izena jarri zioten Hibaika Arraun Elkartearen batel bati. Ekitaldi oso hunkigarria izan zen. Izan ere, batelari ikurrina kendu ziona, beraz, arraunerako barkua nolabait bataiatu zuena, Pedro Usabiaga izan zen. Hibaikaren zale amorratua da Usabiaga, eta aldi berean, Lezoko Etxetxo baserrikoa; baserria Errenteria-Oreretako saihesbidea egiterakoan eraitsi zuten arren, hangoei 1936ko uztail hartan gertatutakoa ez ahazteko tresna fisikoa izango da ontzia, baserria zegoen tokian 2019ko urrian jarri zuten monolitoarekin, eta Miren Usabiagak egindako Ilunpetik argitara narrazio-liburuxka pedagogikoarekin batera. Etxetxokoa, eta frankisten indarrek aurretik eta ondoren egindako sarraski guztien lekukotza eramango du Kantauriko eta behar den itsaso guztietatik batel beltzak. Olatuen artean bogan izango da Etxetxo, memoria historikoa berreskuratzeko baliabidea izango da, gertatutako horiek berriz ere inoiz eta inon errepika ez daitezen.
Miren Usabiaga Pedroren alaba da. Urriaren 30ean Hibaikaren Ondartxoko egoitzan adierazi zuen, aita eta senideak ondoan zituela, Etxetxo memoria historikoaren parte dela. «Ez dugu inoiz ahaztu behar gertatu zena, hori baita berriro gerta ez dadin ziurtatzeko modu bakarra». Gaur-gaurkoz, krimen hori inork ez duela ordaindu adierazi zuen, justiziaren aurrean inor ez dela izan horren gaineko azalpenak emateko: «Inork ez du barkamenik eskatu familia bereko lau kide inolako errurik gabe akabatzeagatik».
Pedro, erdi-engainatuta joan zen igande hartan Hibaikaren egoitzara. Besterik gabe, arraun elkartearen egoitza eta instalazioak aurrez aurre ezagutzera joan zen hara. Familiak, baina, askoz gehiago zuen buruan: gaixorik dagoen aitari, eta hark 1936ko hilketagatik eta ordutik sufritutako isiltasun, ezinegon eta barne-gatazkengatik aitortza egin nahi izan zioten. Lortu zuten.
Miren Usabiagak aipatu du urriaren 30ekoa ekitaldi sinbolikoa izan zela. «Aita gaixorik dago. Nahi dugu bere bizitzako azken zati hau ekintza sinbolikoekin osatu, ilusio berezia eragiten dioten ekitaldiekin. Hibaikarekin duen zaletasun berezia eta Etxetxon gertatu zena elkartu nahi genituen. Hala sortu zen batelari Etxetxo izena jartzeko ideia». Lotura egina zegoen.
Hibaikako presidente Jon Otegi ezagun du Miren Usabiagak. Familiaren proposamena begi onez jaso zuen hark, beraz, klubak. Izan ere, Etxetxo baserria Lezo udalerrikoa izan arren, bertako biztanleek bizitza Errenteria-Oreretan egiten zuten. Pedrok ere bai. «Proposamena egin ziguten, berezia gainera. Mahaiaren gainean jarri zituzten Etxetxok duen sinbolismoa eta Pedrok Hibaikarekiko duen zaletasuna. Zuzendaritzan egoera aztertu, eta aurrera atera zen». Hibaikaren zuzendaritzak Usabiaga laguntzeko ideia hasiera-hasieratik onartu zuen, beraz: «Hasieran ez genekien zer eta nola egin. Batelaren ideia proposatu genien senideei, ondo ikusi, eta aurrera».
Sinbolikoa. Esanahiz betetakoa. Ez zuten ekitaldi handirik nahi. Emozioa, sentimenduak azalaraziko zuen ekitaldia, bai, ordea. Txikia izan zen, baina arras esanguratsua. Malkoak, esker on hitzak, irribarreak, besarkadak, ezustekoak… Familiako hamazazpi kideez eta Hibaikako ordezkariez aparte, hainbat konplizek parte hartu zuten batelaren izendatze jardueran. Tartean izan ziren Xabier Vesga txistulari oreretarra, eta Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldeko kideak; baserrikoen istorioa eta historia aintzat hartzeko jarri zioten lezoarrek euren taldeari Etxetxo izena. Ustezko bisita gidatua Jon Iriondoren esku izan zen.
«Halako batean, batelaren ondora iritsi ginen. Ikurrina kentzera gonbidatu genuen. Kendu eta negarrez hasi zen aita [Pedro Usabiaga]. ‘Hauek nola dakite Etxetxorena?’, galdetu zuen… Ekitaldian izugarri babestuta sentitu ginen, etxean bezala», aitor egin du Mirenek.
Gazteenentzat mezua
Hibaikako gazteenek erabiliko dute entrenatzeko eta lehiatzeko Etxetxo. Hor azpimarra jarri du Otegi presidenteak: «Uste dut hori ere polita dela. Azken batean, haurrek aspaldi izan zen horren izena egunerokotasunean ikustea eta erabiltzea, polita da». Ekitaldiaren ondoren bazkaltzera joan ziren. Pedro Usabiagari iruditzen zitzaion Etxetxoko kontuak, etxean gelditu behar zirela. «Guk beti adierazi izan dugu inportantea dela kanpora ateratzea gertatu zena. Zentzu horretan Lezoko Etxetxo taldekoen presentzia ere eskertu nahi dugu. Oreteta Ikastolako irakaslea naiz, eta DBH4ko ikasleei urtero esplikatzen diegu zer gertatu zen Etxetxon. Monolitora ere eramaten ditugu. Ondoan halakoak gertatu zirela ikus dezatela nahi dugu, memoria historikoa berreskuratzeak merezi duela».
Isiltasuna eta beldurra. 1936ko uztailean gertatutakoaz hitz egiteko nekez bildu du adorea Pedro Usabiagak. «Oraindik ere aitak aipatzen du haien [faxistak] ondorengoak indarra hartzen ari direla. ‘Nik ez dut ikusiko, baina oraindik hor daude. Haiek hemen daude». Balio dezala Etxetxo batelak haiek horiek, deusera iritsi ez daitezen. Egiak irabaz dezala, olatuen artean. Urtarrilean hasiko dira batel ligak. Sekulakoa litzateke Pedro Usabiagak bere familiaren ontzia itsasoan ikustea.