Oarsoarrak Euskararen Sariak, Xixilio Maritxalar eta Zuberoarentzat
Sari emate ekitaldia abenduaren 2an izango da, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Edonor joan daiteke ekitaldira.
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, bertako kide eskualdeko lau udalak direla, erabaki du aurtengo Oarsoarrak Euskararen Sariak Xixilio Maritxalar Labandibar errenteriar euskaltzaleari, eta Oiartzungo Zuberoa jatetxeari ematea.
Sari emate ekitaldia abenduaren 2an izango da, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan hasita. Edonor joan daiteke hara, ekitaldiaz gozatu (hainbat ikuskizun eta hitzaldi izango dira) eta saridunei aitortza egiteko. Eskualdeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, OARSO BIDASOKO HITZAk, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak osatutako epaimahaiak sari emate ekitaldian parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak
Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak, mahai gainean izan dituen proposamenak aztertu ondotik, Xixilio Maritxalarrek euskararen erabilera areagotzeko bideak jorratzen egindako lanagatik eta ezarritako oinarriarengatik, eta Zuberoa jatetxeari, hasiera-hasieratik jatetxean euskarari zor zaion lekua eman izanagatik eta gerora ere hala jarraitzeagatik, euskal sukaldaritza euskaraz egiten. Euskaraz naturaltasunez aritzeko ezarri duen ereduagatik aitortza publikoa egitea hobetsi du.
Eskualdeko lau udalek eta Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, OARSO BIDASOKO HITZAk, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak osatutako epaimahaiak sari emate ekitaldian parte hartzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak.
Honakoak dira, hitzez hitz, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak bi saridunei buruz egin dituen soslaiak.
Xixilio Maritxalar Labandibar
Xixilio Maritxalar Labandibar errenteriarra da. 1949an, Errenteriako familia euskaldun batean sortua. Familiarengandik hartu zuen euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna. 2000. urtetik Errenteriako Lau Haizetara Euskaldunon Elkartean ari da euskara sustatzen. Xixilio Mintzalaguna egitasmoaren sortzaileetako bat izan zen; argi ikusten baitzuen euskaraz bizi zirenen eta euskaraz bizi nahi zutenen arteko zubiak eraiki beharra zegoela. Orduz geroztik egitasmo horren erreferente da herrian.
Horrez gain, haurrentzako Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejiraren sustatzailea ere bada Xixilio, protagonismo handiz gainera. Lau Haizetarako zuzendaritzako kide da elkartean sartu zenez geroztik eta eguneroko lanean nekaezina da, jarduera batean ez bada, bestean. Oso maite dute herritarrek.
Zuberoa jatetxea
1970ean Oiartzungo Iturriotz auzoko Garbuno baserrian Arbelaiztarrek zabaldu zuten familiako jatetxea da Zuberoa. Maria, amak, eta Angeles, izebak, egiten zuten euskal sukaldaritza tradizionalean oinarrituz, joera berriak ere bere egin dituen estiloa da Zuberoa jatetxearena. Familia baserrian aritzen zenean, euskaraz bizi ziren eta jatetxeko lana hartu zutenean ere euskaraz jarraitu zuten normaltasun osoz, hori baitzen haientzako bide naturala.
Gastronomia alorrean diren sari ia guztiak jaso dituztelarik, Michelin izarrak eta abar, ez diote euskarari inoiz uko egin eta euren nortasun ikur izan da ibilbide guztian barrena. Zerbitzua euskaraz eman diote nahi izan duen guztiari, eta euren sukaldean euskara izan da lan hizkuntza nagusia.