Oiartzungo erraldoi txikien konpartsa abiadura hartzen ari da
Txerri Egunean ateratzeko, entsegu orokorrak egingo dituzte hilaren 26an eta abenduaren 14an Blenda, Kiñu, Arrasku eta Arkotx erraldoi txikiekin.
Oiartzunen Erraldoi Txikien Konpartsa sortzeko bidea hasia dute. Herri Musikaren Txokoak eta Abaraxka ludotekak elkarlanean daramate aurrera egitasmoa, eta jada, emaitzak ematen hasi da. Izan ere, azaroko asteazken guztietan biltzen ari dira musika aukeratzeko, eta erraldoiek dantzatzeko koreografia sortzeko. Beraz, 2019an egin eta aurkeztu zituzten Blenda, Kiñu, Arrasku eta Arkotx erraldoiek badute zer eta nola dantzatu.
Aurrera begirakoak ere azaldu dituzte egitasmoaren bultzatzaileek. Hala, hilaren 26an eta abenduaren 14an erraldoiekin entsegu orokorrak egingo dituzte. Helburu batekin: Oiartzungo Txerri Egunean kalebuelta egitea.
Beraz, abenduaren 17ko herriko jaian, adi: Oiartzungo Erraldoi Txikien Konpartsak lehen agerraldi publiko ofiziala egingo du.