Saharara eramateko emariak biltzen ari dira Bixi-Bixi eta El Watan
Saharako kanpaleku betera arropa eta mugikorrak eramateko bilketa egiten ari dira Donibaneko Bixi-Bixi eta Oiartzungo El Watan elkarteak.
Bixi-Bixi Kultur Elkarteko eta Oiartzungo El Watan taldeko herritar talde batek Saharako kanpamendura bidaia egingo dute abenduaren 2an. Udaran herriotan oporretan izan diren haurrak bisitatzeaz gain, elkartasun jarduerak egin eta bertakoentzako arropa nahiz gailu teknologikoak eramango dituzte Oarsoaldeko bizilagunek.
Bi urte bidaia egin ezinik egon ondoren, aurten berrartuko dute elkartasun saiakera elkarteek. Abenduaren 11ra bitarte ezinduen eskolan laguntza eman, emakumeekin bilerak egin, osasuna landu, haur eta helduen zaintzan aletxoa jarri, hitzaldiak eskaini… horretan ibiliko dira. Eskolaz eskola ere ibiliko dira pailazo berezi batekin, eta jaialdi bat ere egingo dute, saharar eta euskal tradizioak uztartuz.
Hori guzti hori egin ahal izateko lan programa prestatzen ari dira kideak buru-bihotz, eta laguntza eskatu diete bizilagunei. Izan ere, arropa, oinetakoak, mugikorrak (kameradunak), tabletak… horiek biltzen ere ari dira kanpamendura eramateko. Datorren astea izango da azkena ekarpen horiek egin ahal izateko.
Elkartasun keinua egin nahi duenak Bizuma egin dezake 667 72 21 44 (Bixi-Bixi) telefono zenbakira, edo bertara deitu kideekin hitzordua zehaztu eta dohaintzak egin ahal izateko. Ekarpen ekonomikoa kanpalekuan ur bidoiak ezarri eta eskoletan zenbait zerbitzu (argia, berogailuren bat…) ezartzeko baliatuko dute.
Lezoko Udalak babesa erakutsi dio, bigarren urtez, Bixi-Bixiri.