Indarkeria matxistaren kontra egiteko, plaza hartu du mugimendu feministak
Herrian 24 urruntze-agindu daudela irudikatu dute. Indarkeria matxistaren kontrako egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Datorren ostiralean azaroaren 25a da, indarkeria matxistaren kontrako eguna. Horren harira, Oiartzungo mugimendu feministak hainbat ekitaldi eta ekintza antolatu ditu. Aurtengo leloa Ez gara zuen kaioletan biziko. Saretuz garaitezinak gara izango da.
Lehenengo ekintza egin dute. Pasa den ostiralean, Oiartzungo Feministen Asanbladako kideek 24 eserleku huts jarri zituzten Done Eztebe plazan. Eserleku horiek herrian indarkeria matxistagatik dauden 24 urruntze-aginduak irudikatu nahi dituzte.
Aulki bakoitzak esaldi bat dauka: eraso mota guztiak ikustarazteko testuak; egunerokotasuneko erasoetatik hasi eta urruntze aginduetara iristen diren erasoak; erasoen kopuruak… Gaur arratsaldean eserleku horiek pertsonifikatu egingo dituzte, arropa zein beste hainbat elementu jarriz.
Horrez gain, Hatzamarkakoek ispilu bat jarri zuten atzo, Eta zu inoiz izan zara erasotzaile? galdera idatzita duena. Inguruan kartel batzuk ditu, emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten erasoak jasotzen dituena. “Horiek onartuta edo erreakziorik gabe uzten badira, konplize gara”, azaldu dute mugimendu feministako kideek.
Bakarrizketa eta elkarretaratzea
Killirikupe emakume taldeak bakarrizketa saioa antolatu du etzirako —hilak 23, asteazkena—. Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik Luze edo Motz ikuskizuna taularatuko dute pleno aretoan. 19:00etan hasiko da.
Ostiralerako, berriz, Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea deitu du. Plazan izango da, 19:00etan hasita.