[Bideoa] "Lezoarrok, erronka pertsonalari heltzeko prest zaudete?"
Ostiralean Lezoko Euskaraldia abiarazteko ekitaldia egin zuten Gurutze Santuaren plazan. Norbanakoen konpromisoari dei egin zioten.
Euskal Herriko herri guztietan bezala, ostiralean ekin zioten Lezon hirugarren Euskaraldiari. Esanahiz betetako ekitaldia izan zen Gurutze Santuaren plazan egindakoa, ilunabar euritsuan. Ahobiziek eta Belarriprestek, ordea, argi printza eman zioten euskararen erabilera indartzeko ariketa kolektiboari. Eta kolektiboak indarra izan dezan, norbanakoetan jarri zuten fokua hasierako hizketaldian Lezoko Euskara Batzordeko ordezkariek: “Eta Lezon zer? Herritarrok Euskaraldian parte hartzeko prest zaudete? Lezoarrok, erronka pertsonalari heltzeko prest zaudete?”.
Hamabost egunez euskaraz bizitzeko aldarrikapena txoko guztietara zabaldu nahi dute Euskaraldiari ‘bai’ esan dioten lezoarrek, euskararen erabilera oinarri izanda. Erronka kolektiboa bai, eta elkarrekin egin beharrekoa dela adierazi zuren. “Guztiontzat da erronka. Lana. Esfortzua. Baina erronkak errazago gainditzen dira, gure norabidean arraunean dabiltzanekin elkartzen bagara”.
Udalean Euskaraldiaren pankarta izango da jarrita abenduaren 2ra arte. Ostiralean, hizketaldiaz gain, herri argazkia atera zuten ekitaldira hurbildu zirenek. Suziriaren eztandak helarazi zien lezoar denei Euskaraldia abian dela, eta dantzarekin ere eman zioten ongietorria norbanakoen konpromisotik abiatzen den ariketa kolektiboari. Era kolektiboan ere, herritik tragoska kalebuelta egin zuten herritarrek.
Baina hasierako ekitaldiko unerik gorenena, beharbada, Jon Esnaolak egindako poemaren irakurketa izan zen, hiru gazteren ahotsetik: Peru Sarasua, Unax Sastre eta Xoane Ballesteros. Honakoa da olerkia:
Esazu hitz bat, ekin aditzari eta eraiki esaldia.
Zizelkatu hizkiak, erabili eztarria.
Hori baita oinarria,
lurraren ongarria,
txinpartak pizteko suarria,
Euskal Herria.
Euskara dugulako herria,
eta herritarrak euskararen iturria.
Nik zuretzako, zuk niretzako, guk:
denongatik, denekin eta denontzat.
Esazu hitz bat.
Eta entzun dadila gure aldarria
Donibanetik Hondarribira
Oiartzundik Errenterira
Jaizkibeldik Lezoko herrira.
Ari entzun, entzun ari.
Martxan ipini aho eta belarria,
lezoarrak, hemen da euskaraldia!
Jarraian, Lezoko Euskara Batzordeak emandako materialari esker, ekitaldi horretako unerik gorenen bideo-laburpena.
Euskaraldiari buruzko informazio guztia, gure orrialde berezian.