"Ezin dugu ahaztu bisitak egiteko errepidera ateratzen garenean arriskuak mantentzen direla"
Xabier Goienetxe euskal preso oreretarraren bikotekide Ihintza Bidartek izandako auto istripua salatu du Sarek. Iaz lau kotxe istripu izan zirela diote, eta orotara, urrunketa politika indarrean denetik, 400 bat ezbehar gertatu direla.
Xabier Goienetxea euskal preso oreretarraren bikotekideak, Ihintza Bidartek, izandako auto istripua salatu nahi izan du Oreretako Sarek. Herritik bi ordutara dagoen espetxe batean dute preso egun (Lanmezan, Okztania), baina hala eta guztiz ere, “oraindik errepidean arriskua hor dagoela” gogorarazi nahi izan dute.
Oraindik ere Frantziako espetxeetan 13 euskal preso daudela diote, eta Espainiakoetan, 19. “Ezin dugu ahaztu bisitak egiteko errepidera ateratzen garenean arriskuak mantentzen direla”, esan dute, amorruz. Iaz lau kotxe istripu izan zirela erantsi dute, eta orotara, urrunketa politika indarrean denetik 400 bat ezbehar gertatu direla. “Kaltetutako senide eta lagunak 1.000 inguru izan dira eta, tamalez, 16 senide eta lagunen bizitzak bidean geratu dira. Ezin da horrelakorik errepikatu!”.
Goienetxe espainieratzen badute zigorra bikoitzeko arriskua duela ere gogorarazi nahi izan dute, “Espainiak ez baitu Frantzian betetako zigorra kontuan izaten, eta Europak duen lege marko bati muzin egiten diolako”. Euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko garaia dela uste du Sarek, “senideen sufrikario honekin behin betikoz amaitzeko eta preso, iheslari eta deportatuek egin behar duten etxerako bideari oztoporik ez jartzeko. Etxean eta bizirik nahi ditugu!”, esan dute azkenik.