Hondakinen gaikako bilketa egokian "aktiboki" parte hartzera deitu du udalak
Udalerriko datuak "onak" direla diote, baina halere, edukiontzi grisean (errefusa) botatzen diren hondakinen %40 horietatik "gehien-gehienak birziklagarriak eta berreskuragarriak" dira.
Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barruan (hilaren 19tik 278ra bitarte), “prebentzioa eta hondakinen gaikako bilketa sustatzeko” kanpaina abiatu du Errenteriako Udalak. Udalerriko datuak “onak” direla diote udaleko iturriek, baina halere, edukiontzi grisean (errefusa) botatzen diren hondakinen %40 horietatik “gehien-gehienak birziklagarriak eta berreskuragarriak” direla uste dute. Ongi birziklatzeko garrantziaz aritu dira gaur Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotzia eta Bernar Lemos Hiri Mantenuaren zinegotzia.
2023an hondakinak kudeatzeko 5.928.000 euroko aurrekontua izango du udalak. Konpromiso sendoa adierazi du udalak, “Errenteria garbiago baten alde lan egiteko, eta etengabe ahaleginduko da birziklatze indizeak hobetzeko”.
“Edukiontzi grisean uzten denaren %95a birziklagarria da, soilik %5a botatzen da ongi. Ongi egingo bagenu, hilean 87.000 euro inguru aurreztuko genituzke. Ez da natura zaintzaren eta eraginkortasunari lotutako gaia bakarrik, inbertsio garrantzitsua egiten baita horretarako, eta soberakinak bestelako proiektuetarako ahalko genituzke bideratu. Gaizki birziklatzeak kalte egiten digu denoi, baina baita gaizki egiten duen horri, guztiok ordaintzen dugulako”, erantsi du Ferradasek.
Udalak deialdi berezia egin die “hondakinak modu desegokian bereizten dituzten herritarrei, modu aktiboan parte har dezaten gaikako bilketa egokian, arreta berezia jarriz hondakin organikoei, horiek baitira etxean sortzen direnen proportzio handiena ordezkatzen dutenak”.
Egunotan herritarrek hondakin organikoak behar bezala bereizteko informazio diptikoa jaso dute etxean. Gainera, gogorarazi dute udalak doan ematen dituela poltsa konpostagarriak, kuboa edo txartel elektronikoa.