Batzea eta antolatzea dute arma
Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da gaurkoa. Emakumeen kolektiboek, bakoitzak bere erara, emakumeenganako justiziaren alde eta egiturazkoa den biolentzia matxistaren kontra egingo dute.
Azaroaren 25a mezuz betetako eguna da. Talde feministek, emakumeen taldeek eta emakumeen bilgune diren eragileek bozgorailuen bolumenaren maila gorenari emango diote gaurko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean euren aldarrikapenak zabaltzeko. Esateko emakumeen kontrako indarkeria gizon batzuen ekintza solteak baino, jendartean barneratuta dagoen biolentzia dela, eta horri erantzun koiunturalekin baino, irtenbide estrukturalekin aurre egin behar zaiola.
Bide horretan, emakumeen kolektiboek erakundeetan dute jarria fokuetako bat: haiek hitzartu eta indarrean jarritako neurriak praktikara, beti, eraman daitezela nahi dute; eta neurri, lege edo araudi berriak sortzerakoan, eraginkorrak izan daitezela nahi dute, betiere jakinda erasotzaileak pertsona zehatzak direla, baina indarkeria matxista jendartean den egiturazko arazoa dela. Erakundeen itxurakeriazko mezurik eta jarrerarik ez dute nahi emakumeek.
Hori bai. Biktimak beti erdigunean jarri behar dira: haiek babestu, bidean lagundu, sufrimendua aintzatetsi, eta erreparazioa erraztu behar zaie. Adi: indarkeria matxistak ez du forma bakarra, askotarikoa da. Emakumeen kontrola eta beldurra nahi ditu. Hiltzen ditu. Batzea, antolatzea, eta autodefentsa dira horren aurrean emakumeek dituzten armak.
Gaur bereziki, Oarsoaldean nahiz Bidasoan badira egunari lotutako deialdiak. Ia herri guztietan daude hitzorduak kalera ateratzeko, goizez, arratsaldez edo ilunabarrean. Emakumeen bilguneek (ondoko orrian hiru iritzi bildu ditu HITZA-k), bakoitzak bere erara, azalduko dute indarkeria matxista alde guztietatik borrokatu behar dela, eta emakumeenganako justizia, hitz horren esanahi zabalenean, ezinbestekoa dela.
Harremantxo. Pasai Antxo.
«Erasotzaileak ez dira sistemaren akatsa, sistema bera da akatsa»
Justizia zer den hiztegian begiratzen badugu, «komunitate batek oinarritzat hartzen dituen eta guztien ongizatea lortzeko aplikatzen diren printzipioen multzoa» dela ikus dezakegu. Askotan justizia epaileekin, zigorrekin, legeekin lotzen dugu, baina hori baino sakonagoa da gaia. Justizia feministak erasotua erdigunean jartzea eskatzen du. Erasotuei salatzeko eskatzen zaie. Baina erasotuak trabak baino ez ditu topatuko, bere hitza zalantzan jarriko zaio, errua, beldurra. Ez dago akonpainamendurik, baliabide psikologiko eta emozionalik, erreparaziorik.
Bitartean erasotzaileen kartzela zigorrean jartzen da fokua. Badirudi erasotzaileak ahalik eta urte gehien kartzelan sartuta arazoa konponduko dela, erasotzaileak kasu isolatuak izango balira bezala. Ez al du, ordea, bizi garen sistemak zilegiztatzen bortxatzaileak egiten duena, erasotzaileak egiten duena? Erasotzaileak ez dira sistemaren akatsa, sistema bera da akatsa: ba al dago bermerik berriro ere erasotzaileak erasotu ez dezan? Zein lan du hor justiziak?
Itaia. Bidasoa.
«Emakume langileok antolatzea inoiz baino beharrezkoagoa da»
Asko dira instituzioengandik indarkeria matxistari aurre egiteko entzuten ditugun politikak, gutxi, berriz, praktikan jartzen direnak, eta are gutxiago benetan eraginkorrak direnak. Izan ere, gaia politikarien diskurtsoetan gero eta gehiago entzuten dugun arren, erasoak inoiz baino gehiago dira, forma berri eta ugarietan. Horren islada dugu aurten bizitako uda, eta batez ere, jai giroan egon diren eraso guztiak.
Egoera horren aurrean, auziari erantzuteko instituzioek dituzten mugak agerian geratu dira, ez baitute aldaketa errealik proposatzen, eta mahaigaineratzen dituzten politika hauek aurpegi zuriketarako besterik ez baitute balio.
Hori dela eta, emakume langileok antolatzea inoiz baino beharrezkoa da, eta indarkeria normalizatzen eta sostengatzen duen gizarte kapitalista errotik gaindituko duen antolakuntza sozialista eraikitzea. Horretarako, eraginkorrak diren antolakuntza formak garatzea dagokigu, babesa antolatzeko eta erasotzaileei aurre egiteko baliatuko ditugunak hain zuzen ere.
Emeki. Hondarribia
«Azaroaren 25ean, nori zuzendu behar dizkiegu aldarrikapen mezuak?»
Emakumeon eskubideen alde lanean gabiltza 1991tik, indarkeria gizartean inoiz baino presenteago baitago, gizartetik jasotzen diren ereduak ez baitira egokiak. Ustez, emakumeok eskubideak lortu ditugu, baina esparru publikoak espazio arriskutsu bihurtzen ari dira, pertsona bezala ere ez gaituzte kontuan hartzen.
Azaroaren 25ean, nori zuzendu behar dizkiegu aldarrikapen mezuak? Emakumeok libre gara nahi duguna egiteko, nahi dugun bezala janzteko, nahi duguna izateko, eta gizonezkoek ez dute eskubiderik askatasun hori lapurtzeko.