[Bideoa eta galeria] Euri jasak ez du olatu morea geldiarazi
Trintxerpe, Donibane eta Antxon indarkeria matxistari aurpegia erakusteko mobilizatu dira. Gizonei dagokien ardura hartzeko exijitu diete.
Euri jasa ere ez da gai izan olatu moreak geldiarazteko 2022ko azaroaren 25eko arrats honetan. Feminismoak Pasaiako kaleak hartu ditu Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko egunean, beldur eta kontrolaren aurrean justizia feminista aldarrikatzeko.
Donibanen, Bixi-Bixik antolatuta, auto-karabanak zeharkatu du barrutia emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko mezuekin. Kanpaiak ere jo dituzte ozen 19:00etan, hiru elizetan.
Bai Antxo eta baita Trintxerpen ere, manifestazioak egin dituzte. Lehen barrutikoa Bekoz Beko eta Harremantxok deitua, eta bigarrenekoa, Topaketak. Horiekin bat egin dute bizilagunek 19:30ean, eta barrutiak astindu dituzte sistema heteropatriarkal kapitalistari kontra egiteko.
Antxon “kontrol sozial etengabea, beldurrean oinarritutako mezu eta neurriak, poliziaren presentzia neurrigabea…” salatu dituzte. Horiek bakarrik ez, indarkeria matxistaren forma anizkoitzak ere atera dituzte mahaigainera: instituzionala, lan esparrukoa, etxe barrukoa… “Aki da! Nazkatuta gaude!”, egin dute oihu Harremantxotik euskaraz, eta gaztelaniaz Bekoz Bekokoek.
Dena den, ez dute etsiko, sinetsita baitaude feminismoa dela iraultzarako erreminta. “Kaleak hartzeko prest gaude eta ez gaitu inork geldituko, ez gaituzue geldituko”.
Trintxerpen Topaketa emakumeen taldeak aurten Espainian indarkeria matxistak eraildako emakumeen izenak kalera atera ditu. Soinean eraman dituzte trintxerpetarrek emakume horiek, ahanzturan ez daitezen gelditu. Azkuenetik abiatu eta Gernika plazan bukatu dute ibilaldia. Bertan, gizonei dagokien ardura euren gain har dezaten exijitu diete: “Utzi erasotzaile izateari eta konplize izateari!”.