Mila galdera
Nazioarteko egunekin beti izan dut sentsazio gazi gozoa. Bada nire alde bat gogotsu ospatzen dituena; indarrez aldarrikatu eta hamaika mezu zabaltzeko erabiltzen dituena, beti kontzientziatzeko helburuarekin. Badut, bestalde, mesfidati behatzen duen beste alde bat; politikoki zuzenak izateagatik ospatzen diren egunak iruditzen zaizkit nazioarteko egunak. Urteko gainontzeko 364 egunak alde batera utzita, indar guztia egun puntual horietan egiten dugula iruditzen zait. Argi daukat ezer baino hobe baden arren, ez garela konformatu behar eta asko dagoela oraindik egiteko.
Hemen da azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeria matxistaren kontrako eguna. Eta harekin batera mezu zaparrada. Esan digute «ez da ez» eta «soilik bai da baietz», baina inork ez digu azaldu noiz esan baietz eta noiz esan ezetz; argi utzi dugu etxera bidean libre izan nahi dugula eta ez ausart, baina nik gero eta beldur handiagoa dut, ez naiz ez libre eta ez ausart sentitzen momentu horietan; beldurra aldez aldatuko dela ere aldarrikatu izan dugu, baina nola egiten da hori?; jaiak eta plazak gureak direla oihukatu dugu, ordea, gerria mugitzen jartzen dugun bakoitzean baboso nazkagarri batzuez inguratuta ikusten dugu gure burua.
Hori dena eta gehiago gertatzen da azaroaren 25ean, maiatzaren 4an, uztailaren 13an eta urteko egun guztietan. Askotan pentsatzen dut politikoki zuzenegiak izateagatik oso azalean gelditzen garela. Gaia instituzionalizatzen da eta indarra galtzen du guztiz, ez gara gehiegi bustitzen eta ez gara emakume guztiengana iristen. Eta nola ez, orokorregi hitz egiteagatik eta irisgarria ez den lengoaia bat erabiltzeagatik asko zertaz ari garen ulertu gabe gelditzen dira (eta gara). Izan ere:
Zer gertatzen da egoerak identifikatzen ez dakienarekin?
Eta zenbait egoeren aurrean nola jokatu ez dakienarekin?
Laguntza eskaintzen duten horiekin eroso sentitzen ez diren biktimak nork zaintzen ditu?
Erasotua dela normalizatzen duenarekin?
Biktima lagundu nahi duenarekin?
Beste zutabe batean aipatu nuen lantokian giza eskubideak landu eta aldarrikatzen ditugula. Baina, nola aldarrikatuko dugu, bada, ulertzen ez dugun zerbait?
Beste behin ere, desgaitasun intelektuala duten pertsonak atzean gelditzen dira. Bereziki, emakumeak. Horregatik, emakumeenganako indarkeria matxistaren kontrako egunaren harira, aurten informatu nahi izan dugu. Ikusi dugu desgaitasun bat izateagatik, soilik, emakume hauek zaurgarriagoak direla eta ondorioz, eraso matxistak jasateko arrisku handiagoa izaten dutela. Emakumeek emakume izanagatik jasaten duten indarkeria dela jaso dugu, eta definizioa indarkeria mota batzuekin osatu dugu jarraian: indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala, ekonomikoa…
Eta orduan konturatu naiz, berriz, bidelagunaren figuraren garrantziaz. Familiako kide ez den beste pertsona batekin kontatu ahal izateko. Eraso edota egoera matxistak identifikatu eta aurre egin ahal izateko tresnak emateko. Baita informatzeko eta ulertzeko ere, beti, babesa emanez bakarrik ez sentitzeko.