Lezo Bonuak, herriko establezimenduak babesteko
Herriko establezimenduek abenduaren 2ra arteko epea dute egitasmoarekin bat egiteko. Kanpaina abenduaren 15etik urtarrilaren 6an izango da abian.
Lezo Bonuen kanpaina berria abiaraziko du Lezoko Udalak abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra. Horren arabera, 3,5 euroan 5 euroko erosketa ahalmena izango duten bonuak eskuratzeko aukera izango dute lezoarrek, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan erosteko.
Gaur eman dituzte xehetasunak Jesus Mari Martiarena alkateak eta Joxean Sanchez zinegotziak, Lezoko Optikan egindako agerraldian. “Bonu kanpaina honen helburu nagusia tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea da, hurbileko merkataritzaren ezaugarriak nabarmentzeaz gain, horien artean, hurbiltasuna, konfiantza eta zerbitzuaren eta produktuen kalitatea nabarmentzen direlarik. Aurreko bi kanpainei egindako harrera oso positibotzat jo dute bai herritarrek eta baita parte hartu duten establezimenduek ere”, adierazi dute.
Bonuak baliatzeko, ordea, egitasmoarekin bat egingo duten establezimenduak behar dira. Horien bila hasi da udala. Hala, kanpainarekin bat egin nahi duten negozioek aurrez eskaera egin behar dute abenduaren 2a baino lehen (klik egin hemen eskaeraren atalera iristeko). Behin eskaera horiek onartzen direnean, eskatutako bonuak jasoko dituzte establezimenduek. Beraz, abenduaren 15etik aurrera, lezoarrek negozio horietan erosi beharko dituzte, 3,5 euroko prezioan, 5 euroko erosketa ahalmena emango dute bonuak.
Bonu horiek 5 euro baino gehiagoko erosketetan erabil daitezke, eta hala balitz, erosketa bakoitzeko bonu bat baino gehiago erabili aha izango da. Bonuak, horiek erositako establezimenduan erabili behar dira.
Aurrekoan, 27 establezimendu
Lezo Bonuen aurreko txandan, orotara Lezoko 27 establezimenduk parte hartu zuten. Horiei, eta orduko hartan egitasmoarekin bat egin ez zutenei atxikitzeko deia egin die Lezoko Udalak. Oarsoaldea Garapen Agentziak jakinarazi du bonuen kanpainan parte hartzeko eskabidean laguntzeko prest dagoela: 943 49 41 29 telefono zenbakira dei daiteke laguntza eskatzeko, baina egokitu duten posta elektroniko helbide batera idatzi ere. Egitasmoaren oinarrien jabe egiteko, klik egin esteka honetan.