2023ko aurrekontuetarako 26 proiektu aurkeztu ditu EH Bilduk, "bizi dugun krisi anikoitzari erantzuteko"
PSE-EE eta EAJ taldeek aurkeztutako aurrekontua "berritasunik gabekoa eta kontinuista" dela esan dute, eta horregatik, 750.000 eurotik gorako neurri eta proiektu "egingarriak" proposatu dituzte.
Udal gobernuak 2023rako aurkeztu duen udal aurrekontuei (oraindik HITZAk ez du udal gobernuaren proposamenaren berri izan) 26 proiektu zehatz aurkeztu berri dizkio EH Bildu taldeak, “bizi dugun momentu historikoari erantzuteko” asmoz. PSE-EE eta EAJ taldeek aurkeztutako aurrekontua “berritasun gabekoa eta kontinuista” dela esan dute, eta horregatik, 750.000 eurotik gorako neurri eta proiektu “egingarriak” proposatu dituzte.
Honako proiektuak aurkeztu dituzte: etxebizitza politikak hobetu eta gazte emantzipazioan laguntzeko 60.000 euro, politika feministak hobetzeko 80.000 euro, kulturaren eta herriko jaien sustapenerako 55.000 euro, hezkuntza eta euskararen sustapenerako 73.500 euro, bertako merkataritza sustatzeko 90.000 euro, enplegua sustatzeko 32.000 euro, trantsizio energetikorako eta ingurumenaren zaintzarako 140.000 euro eta bide publikoak eta mugikortasuna hobetzeko 230.000 euro bideratzea proposatu dute.
Proposamen hauekin “jasaten ari garen krisi anikoitzaren neurriko erantzuna eman eta Pasaia etorkizunari begira jartzea” du helburu koalizioak. Baina proposamen hauen aurrean honakoa topatu dutela salatu dute: “inoizko aurrekonturik handienak PSE-EE eta EAJren esku bakarrik Pasaiak bizi duen geldialdia egonkortzeko balio duela”. Gobernuko alderdiek EH Bilduri egindako eskaintza nahikoa ez dela erantsi dute, “ez baitu inolako norabide aldaketarik zehazten Pasaiarako, hutsalak diren hitz eta konpromisoez harago”. Iaz koalizioari onartutako proposamenetatik erdia baino gehiago egin gabe geratu direla ere gogorarazi nahi izan dute.
Orain arte koalizioaren proposamenak jasotzeko gobernuak “erakutsi duen interes ezak” bultzatu ditu aurrekontuen aurkako botoaren alde egitera. “Gogoratu behar dugu egindako proposamenak udal alderdi nagusi gisa egin ditugula, eta gobernuaren utzikeria zein anbizio eza gainditzera bideratuta zeudela”.
Horregatik “anbizioz jokatzen jarraitzeko” asmoa dute alderdikoek, “Pasaiak ezkerretik eta subiranotasunetik etorkizuna duela sinetsita”.