"Basoa berreskuratzeko" lanak egingo dituzte Jaizkibelen
Bi astez eukalipto unada bat kentzen ariko dira, "zabal ez dadin". Hauek kendu ondoren, espezie autoktonoak landatuko dituzte.
Lezoko Udalak, aldundiarekin elkarlanean, Jaizkibelen hainbat lan egingo ditu, “bertako basoa berreskuratzeko” asmoz. Eukalipto unada bat kenduko dute, “zabal ez dadin eta Jaizkibel BBEren barruan baso autoktonoa berreskuratzeko”. Jaizkibelgo bigarren dorrearen parean, Guadalupeko pistaren azpian eta Sarastizabalgo harrobiaren gainean dagoen zatian egingo dituzte lanak, “azken bi urteetan eukalipto ale gazteak gero eta gehiago hedatu baitira”. Lurzoruaren ezaugarriak eta uraren zikloa ere aldatuko dutela aurreratu du udalak.
“Eukaliptoa zuhaitz inbaditzailea da eta eragin handia du bertako biodibertsitatean. Gainera, espezie pirofitoa da, hau da, suari egokitua eta erraz erretzen dena eta horrek nabarmen handitzen du sute arriskua”, diote udaleko iturriek. Horregatik ale guztiak moztuko dituzte eta ondoren espezie autoktonoak landutako dituzte bertan.
Lanek irauten duten bitartean Guadalupeko pistaren zati bat itxiko dute, eta bide alternatibo bat jarriko dute Santiago Biderako, behar diren seinaleak jarriz.
Lanek bi asteko iraupena izatea aurreikusi du Lezoko Udalak, eta bitarte horretan eremu horretatik ez pasatzeko deia egin diete mendizaleei.