'Bi arnas' dokumentala proiektatuko dute Antxon astelehenean
Iratxe Sorzabal euskal preso irundarrak 2001eko atxiloaldian salatutako torturak ditu ardatz ikus-entzunekoak. Ordubete inguruko iraupena izango du saioak.
Etzi (hilak 28) Bi arnas dokumentala ikusteko aukera izango dute pasaitarrek, Antxoko Kultur Etxean proiektatuko baitute. Ikus-entzunezko honek Iratxe Sorzabal irundarrak 2001eko atxiloaldian salatutako torturak ditu ardatz. Ikus-entzunezkoan parte hartu dute Mari Nieves Diaz Sorzabalen amak, Nekane Txapartegi 1999an torturak salatu zituen asteasuarrak, Paco Etxeberria auzi medikuak, eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohiak. Sorzabalen testigantzak ere jaso dira, horien artean 2001ean ihesi zela, Bruselan, Euskal Herriko hedabide bati eskaini zion argitaratu gabeko elkarrizketa baten irudiak erabili dituzte dokumentala osatzeko, baita Espainiako Auzitegi Goreneko epaiketako deklarazioa ere.
19:30ean hasiko dute proiekzioa. Saioak ordubete inguruko iraupena izango duela aurreratu dute antolatzaileek.