[Galeria] Gaztaina bila joan eta festa ekarri dute Antxora
200 lagun inguru bildu ditu gaur Papineko Gazteriak antolatutako Gaztain Egunak, denetik izan da. Luze joko du gaurko ospakizunak.
Gaztain usainak Antxo hartu du gaur, garai bateko tradizioa berreskuratzeko apustua egin baitu Papineko Gazteriak. 200dik gora lagun bildu ditu Gaztain Egunak, eguraldia lagun gainera, festa giroa nagusi izango da egun osoan.
Goizean mendian gora ibili dira gazteak gaztaina bila, eta handik bueltan, Antxoko pala final handiaz gozatu dute. Famo-Gaiton bikoteak eraman du aurtengo saria, Virgilio eta Telleriari 25-14 irabazita.
Bertso bazkaria egiten ari dira orain, eta arratsaldean jarraituko dute festarekin. 17:30ean pilota partida profesionala jokatuko dute Ibaondon Xala eta Azanzak Santxo eta Alduntzinen kontra. Bukatzean, 18:30ean, gaztaina erretzea egingo dute. Eta eguna biribiltzeko Bide Batez Triki Taldeak dantzan jarriko ditu bertaratutakoak, 22:30etik aurrera.
Hona arratsaldeko egitaraua:
- 17:30. Pilota partida profesionala, Ibaiondo frontoian.
- 18:30. Gaztaina erretzea karpan (Biteri plazan), dohainik.
- 22:30. Bide Batez Triki taldearen eskutik, erromeria.
- Oharra: Pilota partidarako sarrerak 5 euroan erosi ahalko dira pala txapelketa bitartean edo 17:00etatik aurrera Ibaiondon bertan. Aurresalmenta ere egingo du Papinek, baina oraindik ez dute xehetasunik eman. Erosleen artean saski bat zozkatuko da.