Alaia Martin Nafarroa Arenako finalean izango da
Finalerdietako itzuliko hirugarren saioari itxoin gabe, bertsolari oiartzuarrak finalerako txartela lortu du. Abenduaren 18an Iruñean arituko da.
Alaia Martin Etxebestek azkazalik jan gabe ikusiko du, datorren larunbatean, finalerdietako itzuliko hirugarren saioa. Izan ere, Bertsolari Txapelketa Nagusirako finala lortu du.
Bikain aritu da hiru saioetan, hirurak irabazi baititu. Pasa den larunbatean Baionan jokatu zuten saioko emaitzak ikusita, lortu du lasaitasuna emango ziona: bere atzetik sei uztea. Sailkapeneko lehenengo postuan da Martin.
Saio baten faltan, finalera iritsi den bertsolari bakarra da oiartzuarra. Zain izango du Maialen Lujanbio, baina hernaniarra egungo txapelduna denez, kanporaketak saihestu ditu.
Finalean arituko den bigarren oiartzuarra izango da, Jose Joakin Mitxelenaren ondoren. 1960ko hamarkadan aritu zen Mitxelena. Final batean arituko den bigarren emakumea ere bada, Lujanbio beraren ondoren. Litekeena da gehiago aritzea, Nerea Ibarzabalek aukera asko baititu, larunbateko saioa irabazita.
Finala abenduaren 18an —igandea— izango da, Iruñeko Nafarroa Arenan. Ez dago sarrerarik, baina HITZAk bi sarrera zozkatuko ditu harpidedun eta Hitzakideen artean. Esteka honetan sakatuta ikus daitezke baldintzak.
Zortzi finalistak 11:00etan hasiko dira lanean, eta honakoak izango dira egin beharreko ofizioak:
Goizean (11:00etan)
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
- Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Arratsaldean (16:30ean)
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
- Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Buruz burukoan
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Ganbarako lana:
- Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.
- Gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.