Baxerrik hutsunea utziko du Oiartzungo mendizaletasunean
Josemari Arbelaitz Tapia 'Baxerri' mendi-gidari eta mendizale oiartzuarra igandean hil zen, ezustean. Ogibide zuen pasioa.
Igandean hil zen Josemari Arbelaitz Tapia Baxerri, 60 urterekin, bat-batean. Mendia zen bere pasioa, eta ogibide bihurtu zuen.
Izan ere, mendiko gidari zen, Alpeetan zein Pirinioetan, urte askoan. Mendi federazioarekin ere lanean aritzen zen, mendiko bideak markatzen, baita gaztetxoekin egiten ziren jarduera batzuk zuzentzen ere.
Makina bat espedizio eginak zituen: Himalaian, Shisha Pagman; Laponian; Patagonian, Hego Patagoniako izotz-zelaia gurutzatzen…
Girizia elkarteko mendi saila sortu zenean han izan zen Baxerri, eta gaur egun, nahiz eta harremana txikiagoa izan, deitzen zioten aldiro laguntzeko prest egoten zen. Azkenetako elkarlana, adibidez, duela hilabete inguru izan zen. Oiartzungo mendizale taldeak mendiari buruzko film baten emanaldia antolatu zuen, eta Baxerriren bitartez lotu zuen emanaldia.
Bordaxar baserrian jaiotakoa, bertan bizi zen, eta baserri-lanetan aritzen zen. Garai bateko txondor-lanak berreskuratu eta dibulgatzeko lanetan ere parte hartu zuen Baxerrik, beste hainbat jardueraren artean.
Gaur —asteartea, hilak 29— eguerdian eman diote azkeneko agurra, eta bertso bat ere eskaini diote:
Negarrez dugu bihotza
hau ezin baitzen espero
Baserrik utzi gaituela,
hau tristura honezkero.
Bordaxarren barrikoten
sagardo artean bezero,
ta txondorran ikazkina
sortzen zuen aski bero
Gure Eskun argi-emaile
Piri beti hola balego
Dena eskaintzen baitzuen
zeozer eskatuz gero,
Bandres-Karolon gustura
elurrez gu bezain ero.
Baserri ez zaigu joanen
mendian ta gugan bego.
[Adrian Garbizu Patta-k lagatako argazkiak]