Euskararen Eguna ospatuko dute, eta oiartzueraren gida aurkeztu
Datorren larunbata Euskararen Eguna da, eta horren harira, festa handia ospatuko dute Oiartzunen. Ekitaldi ugari izango dira egunean zehar.
Datorren larunbata abenduaren 3 da, Euskararen Eguna. Horren harira, festa egingo dute Oiartzunen, hainbat motatako ekitaldiak uztartuko dituena.
Goizerako hiru ekitaldi antolatu dituzte —behean ikus daiteke egitaraua—. Alde batetik, herriko ekoizleak biltzen dituen HemenGuk azoka. Bestetik, Xabier Lete Prosa eta Poesia lehiaketaren urteroko sari-banaketa. Hirugarrena, berriz, Oiartzungo hizkera erabiltzeko gidaren aurkezpena izango da.
Arratsaldean, berriz, herriko eragileek emanaldia eskainiko dute, Kuluxka Klan taldearen kontzertuarekin Euskararen Eguna itxi baino lehenago.
Oiartzueraren gida
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak Oiartzungo Udalarekin batera sortu du gida hori. Izan ere, euskara batua 1960ko hamarkadan sortu zen arren, udalarentzat euskalkiak ere badirelako zaindu beharreko altxorra.
“Batua eta euskalkiak; gure hizkuntzak etorkizuna izan dezan beharrezkoa da biak zaindu, hauen artean oreka bilatu, zubiak eraiki eta euskalkietatik baturako bideak jorratzea”, adierazi dute.
Horregatik, Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida kaleratu dute. Oiartzuera erabiltzeko irizpideak proposatu nahi ditu gida horrek, hala nola, administrazioan, hezkuntzan eta komunikabideetan.
Idatzian sortzen diren zalantzak eta uste okerrak argitu nahi izan dituzte Ttur-tturreko kideek, egoera bakoitzean zer eta nola erabili jakiteko.
Euskara batuak onartzen dituen oiartzuerazko hitz batzuk zerrendatu dituzte: Alde beharrean aieka; ondo-ren ordez ongi; oso-ren tokian arrunt; ezer erabili baino deus…
Oiartzungo hizkera baliatuz, euskara batu “jatorrago, aberatsago eta adierazkorrago bat” egin daitekeela nabarmendu dute.
Gidaren iturriak
Oiartzuarren Baitan egitasmoan bildutako materialaz gain, 1996an Fraile ahizpek argitaratutako Oiartzungo hizkera liburua ere izan da oinarria.
Gainera, herriko irakasle, filologo eta euskaltzale askoren proposamen, iritzi eta ekarpenak jaso dituzte. Hezkuntza, komunikabide eta administrazioko langileekin ere kontrasteak egin dituzte.
Gidak “dinamiko eta bizia” izan nahi du. Herritarren proposamen eta gomendioak jasotzen ditu, baina deia egin diete, elkarlanean aritu eta ekarpenak bidal ditzaten.
Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida larunbatean aurkeztuko duten arren, jada eskura daiteke. Dagoeneko hasi dira herriko ikastetxe, eragile eta komunikabideen artean banatzen. Urrats paperdendan ere jarri dute salgai, 5 euroan.
Egitaraua
- 10:00etatik 13:30era: Neguko HemenGuk azoka. Herriko hamahiru artisau eta ekoizlek hartuko dute parte (ikusi zerrenda behean). Plazan.
- 11:30: Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida aurkeztuko dute, pleno aretoan.
- 12:30: Xabier Lete XXXV. prosa eta poesia lehiaketaren sari banaketa izango da, pleno aretoan.
- 17:30: Herriko eragileen emanaldiak, plazan.
- 22:00: Kuluxka Klan taldearen kontzertua, plazan.
Artisau eta ekoizleen zerrenda
- Aaron Larrugintza.
- Aldako Txakolina.
- Arabolaza Eztigintza.
- Arraztalo Barazkiak.
- Elika Barazkiak.
- Gezamina elkartea Ogia eta sagardoa.
- Larremotx Gazta.
- Lei Lei Makramea.
- Ogiaren maitaleak elkartea Ogia.
- Oliparok Artisau lanak.
- Papurrak Ogia eta goxoak.
- Peluzar Arrautza ekologikoak.
- Zituene Pasta.