Udalak bat egin du azken bi sexu abusuak salatzeko elkarretaratzearekin
Irakurketa bateratua egin dute ordezkaritza duten talde guztiek, azken asteetan herrian izandako bi indarkeria matxista kasuak salatzeko.
Errenterriarrek Niessen merkataritza guneko plaza hartuko dute gaur arratsaldean (19:00etan), azken bi sexu erasoak salatzeko. Oreretako Mugimendu Feministak egindako deiarekin bat egin du udalak, talde guztiek testu bat adostu dute, “Errenterian jazotako sexu erasoak salatu eta emakumeei babesa adierazteko”.
Ondorengoa da, hitzez hitz, adostutako testua:
- Errenteriako Udalak erabat gaitzesten du Errenterian gertatutako sexu erasoa eta zero tolerantzia adierazten du eraso matxista guztien aurrean.
- Errenteriako Udalak erasoa jasan duen emakumeari babesa adierazi eta eskura dituen bitartekoak eskaini nahi dizkio, erreparazioan bidelagun izan nahian.
- Horrelako gertaerak ez ditugu gure jendartean onartzen eta erakunde gisara lanean jarraituko dugu emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen. Halaber, Errenteriako Udalak herritarrak gonbidatzen ditu, eta bereziki gizonezkoak, beren jokabide eta jarrerei arretaz erreparatzera eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzera.
- Udalak bat egiten du erasoa gaitzesteko Mugimendu Feministak azaroaren 29an 19:00etan Niessenen deitu duen elkarretaratzearekin eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatzen die.