Animalien erabilera eta pedagogia izango dituzte hizpide ostiralean
Pilar Badia irakasle eta animalien eskubideen aldeko aktibistak hitzaldia emango du, AIAk antolatutako saioan.
Aska Itzank Animaliyak taldeak hitzaldia antolatu du ostiralerako —abenduak 2—, Animaliak eta… zikloko bigarrena. Kasu honetan, Pilar Badia (Zaragoza, Espainia, 1982) irakaslea gonbidatu dute, animalien erabilera eta pedagogiaz hitz egitera.
Alagongo Conde de Aranda institutuko irakaslea da Badia, Gaztelera eta Literaturakoa. Horrez gain, animalien eskubideen aldeko ekintzailea da, eta ia hogei urte daramatza militantzia horretan. Egun Aula Animaleko kidea da.
Ostiraleko hitzaldian, eskolan animaliei buruzko heziketaz duen ikuspuntua partekatuko du Badiak. Gainera, planteamendu antiespezistak izango ditu hizpide, baita azkenaldian parte izan den egitasmoak ere.
Hitzaldia 19:00etan hasiko da, eta udaletxeko pleno aretoan izango da. Gazteleraz izango da.
Hirugarrena, abenduaren 16an
Hurrengo hitzaldia abenduaren 16an izango da, eta egun horretan animalien erabilera eta feminismoak izango dira ardatza.
Laura Fernandez ikertzaile eta aktibista antiespezista, antlodifobikoa eta transfeminista izango da gonbidatua.