Indarkeria matxistari aurre egiteko elkarlanean jarraituko dute
Mugimendu feministak eta Oiartzungo Udalak duela zazpi urte osatu zuten indarkeria matxistaren gaineko mahaia. Lanketa integrala egiten dute.
Oiartzungo mugimendu feministak eta udalak duela zazpi osatu zuten koordinazio mahaia, indarkeria matxistari aurre egiteko, udal erakundeak prentsa ohar bidez gogorarazi duenez.
Bertan parte hartzen dute alkateak, alkateordeak, feminismo zinegotziak, gizarte ongizateko zinegotziak, feminismo teknikariak, ongizate zerbitzuko arduradunak, udaltzainburuak eta herriko mugimendu feministako kideek.
Indarkeria mota horren kasuen arreta eta prebentzioa landu eta gertatzen direnean denen arteko elkarlana “beharrezkoa” dela uste dute.
Mahaiaren helburu nagusietako bat da eragileen arteko harremana bultzatzea, lanketa egoki eta integral bat lortzea: elkarren berri izan, hausnarketak trukatu, bakoitza egiten ari den lanketa zein den azaldu, lehentasunak definitu, elkarrekin ekintza ezberdinak aurrera eraman (Xanistebanetan, besteak beste)…
Urtean bitan elkartzen da mahaia, ohiko bileretan, eta behar denean ezohiko batzarrak egiten dituzte.
Erantzun bateratua
Ezohiko bilera horiek eraso matxista kasuak edo antzekoak gertatzen direnean egiten dira, erantzun bateratua eman behar dela ikusten dutenean.
Azaldu dutenez, bilera horietan gertatutakoaz eragile bakoitzak dakiena partekatu eta balorazioa egiten dute. “Eraso egin dioten emakumeari edo inguruari elkartasuna adierazi eta Udalak dituen baliabideak eskura jartzen zaizkio, eta emakumeak hala nahi badu, adierazpen publikoa antolatzen dute”, azaldu dute.
Oiartzungo Udalak nabarmendu du zer den garrantzitsua erakundearentzako: “Esparru bakoitzean egiten duen lana arlo horretako herriko eragileekin partekatzea, elkarlanerako espazioak zabaltzea eta kohesioa lantzea”.
Koordinazio mahai horrekin, mugimendu feministaren ekintzei bide eman nahi die udalak. “Hartu emanean, bakoitzari dagokion arduratik, indarrak batu eta feminismoa oinarri izango duen herria lortzeko”, gaineratu dute.
24 urruntze agindu
Indarkeria matxistaren dimentsioa handiagoa den arren, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emandako datuak gogorarazi dituzte.
2022ko urtarriletik irailera indarkeria matxistagatik 25 salaketa izan dira herrian. Tarte berean, Oiartzungo Udaleko Ongizate Sailean 13 emakume artatu dituzte. “Gainera”, zehaztu dute, “ikerketa ezberdinek azaleratzen dutenez, indarkeria egoeren %20-30 bakarrik salatzen dira”.