"Nazka-nazka eginda gaude eta amorruz beteta"
Indarkeria matxista errotik ezabatzeko, polizia eta epaile neurri zigortzaileez gain, "bestelako jarrera, ekintza eta neurriak" beharrezkoak direla dio Oreretako Mugimendu Feministak. Azken asteotan izandako erasoen bi biktimei "elkartasuna eta besarkadarik goxoena" helarazi zieten atzoko mobilizazioan.
Dozenaka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Niessenen, azken asteotan herrian izandako bi sexu erasoak salatzeko. “Elkartasuna eta besarkadarik goxoena” helarazi zieten Oreretako Mugimendu Feministako kideek indarkeria matxistaren bi biktimei, “nazka-nazka eginda eta amorruz beteta” daudela esan zuten.
“Pausu handi bat eman dugula sentitzen dugun arren, urruti gaude gure helburuetatik, urruti gaude emakumeon askatasuna eskuratzetik”, esan zuten. Erasoen aurrean “ozenki” adierazi nahi izan zuten “autodefentsarako hautua” egiten dutela, “indarkeria matxista gure eguneroko ohia ziaten den bitartean”. “Ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak eta ez gara instituzioetatik bultzatzen diren neurri asistentzialekin konformatzen!”.
Indarkeria errotik ezabatzeko, polizia eta epaile neurri zigortzaileez gain, “bestelako jarrera, ekintza eta neurriak” beharrezkoak direla ere esan zuten. Horregatik espazio guztiak hartu behar dituztela adierazi zuten: plazak, kaleak, udalak, komunak, antzokiak… “Nonahi, noiznahi, nolanahi, bide eta espazio guztietan, guk libreki mugitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, ozen!”.
Autodefentsan sakontzen jarraitzeko asmoa dute herriko emakumeek, “bai indibidualki eta baita kolektiboki ere”. Erasotzaileak izan abizenekin ezagutu, kaleetatik baztertu eta kanporatu arte ez dutela etsiko erantsi zuten.