Aldundiak udalari saldu dio Luzuriagan zuen partaidetza
Diputatuen Kontseiluak onetsi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Antxoko bulego eraikinaren jabetza (%6) Pasaiako Udalari saltzea.
Gipuzkoako Foru Aldundia Antxoko Luzuriaga eraikinaren %6aren jabe da, eta Diputatuen Kontseiluak aste honetan onetsi berri du aldundiak udalari saltzea partaidetza hori. Guztira 2,6 milioi euroko inbertsioa egin beharko du udalak azpiegitura hori erosteko, Kreditu Ofizialeko Institutuak (KOI) enkargaturiko tasazio txostenaren arabera.
Eraikin horrek, etorkizunean, zer-nolako izaera izango duen ezjakina da oraindik bizilagunentzat, bukatutzat eman berri baitute udalak abiarazitako parte-hartze prozesua. Saioak Conexiones Improbables aholkularitza enpresak dinamizatu ditu, eta hedabide honek jakin ahal izan duenez, diseinatu dute, dagoeneko, proposamen-zirriborro bat. Planteamendu hori hausnarketa saioetan parte hartu duten eragileek soilik ikusi ahal izan dute oraingoz.
Azken salerosketa aurrerapen esanguratsua da legegintzaldi honetan Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Departamentuak Pasaiako Udalarekin duen konpromisoan, badia biziberritzeko proiektuaren barruan. Beste inbertsio batzuk ere egin ditu aldundiak azken aldian Pasaian, hala nola, Trintxerpen Hospitalilloko behin-behineko aparkalekua eraikitzea edo San Pedron Lonja plaza urbanizatzeko birmoldaketa lanak.