[Argazki galeria] Emili tindategiko jabeak omendu dituzte
Hiru belaunalditan zehar besterenduriko negozioari agur esan diote gaur. Antxon Valverde eta Maria Isabel Expositok erretiroa hartu dute.
Pasai Antxoko Emili tindategiko jabeek, Antxon Valverde Ferreres eta Maria Isabel Exposito Arzakek, erretiroa hartu dute gaur. Hiru belaunalditan besterendutako negozioari agur esateko, omenaldi goxoa egin diete eguerdian inguruko merkatari, bizilagun, senide eta lagunek.
“Antxon gelditzen den negozio bakarretakoa da zuena, belaunaldiz belaunaldi mantendu dena”, egin diete aitortza gaurkoan jabeei, “eta eskerrak eman nahi dizkizuegu herriari eman diozuen guztiagatik”. Lore sorta bana jaso dituzte antxotarrek, eta tortilla pintxo nahiz xanpaina ere dastatu ahal izan dituzte, urte luzeko lana agurtzeko.
Egungo jabeek gurasoengandik jaso zuten tindategia, eta aurrekoei, aldi berean, euren gurasoek utzi zieten negozioa. Valverderen amona izan zen lokala ireki zuena, 1959an, garbitegi bezala orduan. Biloba [Antxon Valverde] 17 urterekin hasi zen bertan lanean, eta geroago formakuntza jaso zuen tindatzaile moduan. Expositorekin ezkondu baino urtebete lehenago hasi zen emaztea ere bertan lanean.
Valverdek 63 urte bete berri ditu, eta deskantsatzeko garaia heldu zaio bikoteari. Ohartarazi dute, dena dela, nahiz eta itxiera ofiziala gaur egin duten, azken enkargutxoak egingo dituztela, eta eskuartean dituztenak puntuan jarri arte, noski, ez dutela pertsiana guztiz botako.