Xoxolurren hurrengo proposamena: Nafarroara doaz
Hilaren 11n Berriozar eta Ezkaba arteko bidea egin dute asmo Lezoko mendizaleek. Izena emateko azken eguna, hilaren 8a.
Xoxolur Mendi Klubak jada lotu ditu hurrengo irteerarako xehetasun den-denak. Nafarroara joango dira berriz ere abenduaren 11n (igandea). Berriozar-Ezkaba bidea egiteko proposamena luzatu diete lezoarrei eta hala nahi duten guztiei.
Egun osoko txangora joateko izen emate epea zabalik da, abenduaren 8ra arte. Zerrenda Orki tabernan dago. Prezioak: helduentzat 8 euro, gazteentzat 8, eta kide ugariko familientzat 36.
Xehetasun gehiago: abenduaren 11n 08:30ean aterako da autobusa Nafarroa aldera joateko, Ijurkoko kioskoa zegoen tokitik. Ezkabako tontorra zapaldu ondoren, beheranzko Orriorantz ekin, eta inguruko herri bateko pilotalekuan bazkaltzera geldituko dira, baita pilotan jokatu eta jolasean aritzera ere. Beheranzko zati horretan, GR-225 bidaren zatia egingo dute, 1938 urteko ihesaldiko ibilbidearen zatitxo bat, mendia eta memoria historikoa uztartuz. 18:30ak aldera itzuliko dira Lezora.
Betikoa: bi motxila eramatea aholkatu dute Xoxolurren gidariek. Batean mendira eraman beharrekoak sartu behar dira (hamaiketakoa, ura, zira…), eta bestean aldatzeko arropa eta bazkaria (autobusean utziko da hori).