[Bideoa] Elkartasun poltsekin kargatuta, badoaz Saharara!
Bixi-Bixi Elkarteko kideak gaur eguerdian elkartu dira, Saharako kanpalekuetara abiatzeko. Haurrentzako dohaintza mordoa daramate.
Gaur eguerdian elkartu dira Bixi-Bixi Kultur Elkartetik eta Oiartzungo El Watan taldetik Saharako kanpamendura bidaia egingo duten bizilagunak. Jendeak dohaintzan emandakoak poltsetan txukun bilduta abiatu dira aireporturantz.
Udaran herriotan oporretan izan diren haurrak bisitatzeaz gain, elkartasun jarduerak egin eta bertakoentzako arropa nahiz gailu teknologikoak eramango dituzte Oarsoaldeko bizilagunek. Azken bi urteetako egoeragatik bidaia bertan behera utzi behar izan zuten, eta aurten, horregatik, bereziki irrikaz abiatu dira.
Astebetez ezinduen eskolan laguntza eman, emakumeekin bilerak egin, osasuna landu, haur eta helduen zaintzan aletxoa jarri, hitzaldiak eskaini… horretan ibiliko dira. Eskolaz eskola ere joango dira pailazo berezi batekin, eta jaialdi bat ere egingo dute, saharar eta euskal tradizioak uztartuz.
Horien guztien berri egunez egun emango du Bixi-Bixik sare sozialetan.