[Elkarrizketa] "Beldurrekin dantzatzera eta elkarbizitzera gonbita egin diot jendeari"
‘Beldurrarekin dantzan’ bigarren diskoa jendartean zabalduko du sortzaile lezoarrak gaur. Haren beldurretatik sortutako zortzi kantako lana da, estilo berriei keinua egiten dielarik. Zuzenekoan, Durangoko Azokan aurkeztuko du, hilaren 9an.

Beldurrarekin dantzan bigarren diskoa plazara aterako da gaur. Diotenez, bigarren diskoarekin heldutasunera iristen dira artistak.
Ez dakit. Beti hazten ari gara. Ez dakit heldutasunera iritsi naizen, baina nire ideia da beti aurrera egitea.
2021ean Killasisa diskoa publikatu zenuen, gaur Beldurrarekin dantzan. Konpara daitezke?
Oso ezberdinak dira estilo aldetik. Killasisa-n pop-rock estiloa nabarmena zen, berrian, berriz, musika elektronikoa ere sartu dut. Beraz, lan berria esan daiteke indie-pop elektroniko estilokoa dela.
Horrek esan nahi du, beraz, eboluzioa izan dela zure bidean. Ez zara estilo zehatz batean egonkortu.
Hala da. Ez bakarrik estiloan, baita sortzeko moduan ere. Aurreko diskoan abestiak denborarekin ateratzen joan ziren. Baina oraingoan, beldurraren ildoa landu nahi nuen, eta antzerkia ere abestietan sartzen joan naiz.
Antzerkiarena Beldurrarekin dantzan aurrerapen singlearen bideoklipean nabarmena da.
Arte Dramatikoa ikasten ari naiz, eta interesa nuen abestiak sortzeko garaian egoerak irudikatu, eta horiek abestien bitartez irudikatzeko, antzerkiarekin uztartuta. Interpretazioak ere garrantzia izan zezala nahi nuen. Bideoklip horretan ni neu bakarrik agertzen naiz, abestia interpretatzen.
Beldurrarekin dantzan du izena diskoak. Zergatik?
Oso beldurtia naiz, beldur asko dauzkat. Interesgarria iruditzen zitzaidan beldur horietako batzuen aurrean jartzea diskoaren bitartez. Orduan, Beldurrarekin dantzan singleak diskoaren kontzeptu osoa laburtzen du. Beldurrekin dantzatzera eta elkarbizitzera gonbita egin diot jendeari. Ziurrenik beldur horiek ez direla desagertuko, baina horiekin elkarbizi gaitezke.
Abestien gaien aldetik ere, aurreko diskoan bezala, bada mamia.
Sentimenduetan oinarritutakoak badaude, baina gizarteak sorrarazten dituen beldurren gaineko gogoetak ere egiten ditut, gai sozialak landuz.
Beraz, esan daiteke Beldurrarekin dantzan disko kontzeptuala dela?
Hori da. Sormen prozesuaren barruan, nituen beldurren zerrenda bat egin nuen. Abesti guztiak abiatu dira nik nituen beldurretatik. Beraz, lan oso pertsonala dela esan daiteke. Horrek ez du esan nahi abesti guztiek beldur batez hitz egiten dutenik, baina bai abiatu direla nire beldur batetik. Jendeari abestiak eman, eta askok esan didate identifikatuta sentitu direla kantuekin. Barnera begirako abestiak daude, baina baita jendarte zabal bati eskainiak ere
Zortzi abestikoa da diskoa, doinu eta letra ia-ia denak zureak.
Abestiak eta letrak nik neuk egindakoak dira, bat izan ezik, Juan Ramon Makuso olerkari lezoarrak egindakoa baita. Gero, abestien konponketak Pablo Novoak egin dizkit, eta ekoizpena nahiz grabazioa Haritz Harreguyren esku gelditu dira.
Elektronikora jauzia egin duzula esan duzu. Zaila izan al da?
Nahiko naturala izan da. Nahi nuen jauzi hori egiteko Pablo Novoaren eta Haritz Harreguyren laguntza izan dut. Erreferentzia batzuk eman nizkien, eta haiekin landu dut jauzi elektronikoaren arloa.
Diskoa kalean, zuzenekoei begira hasiko zara. Bakarka edo taldearekin?
Taldearekin. Ni neu abesten eta gitarrarekin, eta ondoan izango ditut Manu Moro gitarra jotzailea, Manu Rufo teklatuetan, eta Mikel Zubiria bateria jotzailea. Esperientzia handiko eta ibilbide luzeko musikariak dira, eta horrek ere aukera ematen dit ikasten jarraitzeko.
Baina bakarka ere askotan ibilitakoa zara. Nortasun propioa duzu agertokian.
Bakarka aritzeak badu bere ardura, bai, eta ematen dizu eskarmentua. Orain, ardura hori banatuago egongo da. Gainera, zuzenekoetan ere antzerkiko elementuak izango dira, ikuskizun osoa izateko. Durangoko Azokan aurkeztuko dut diskoa, abenduaren 9an, Platerunean 12:10an hasita. Gogoz nago.