[Elkarrizketa] «2006an gure gelakide bat akabatu zuen bere senarrak, animalia batek»
2022ko Euskadi Menina Saria eman diote antxotarrari, indarkeria matxistaren kontra egindako lanagatik. Gertuko emakume baten erailketak erakutsi zien manifestazio bat «gutxiegi» zela, eta hala jaio zen Bekoz Beko Elkartea.
Menina saria ematerako garaian Bekoz Beko Elkartearen bi proiektu aipatu zituzten. Lehena, Sheroes Hangout.
Bekoz Bekok, sorreratik, oinarri izan du harremandu eta sareak ehuntzea. Lehen urtetik [2007] Ikuskarekin jarri ginen harremanetan, Pasaiako Film Laburren Nazioarteko Sariketa, zeinak baduen, bere barruan, atal femenino-plural bat: emakumeak. Ordutik gu gara atal horretako irabazleak aukeratzen ditugunak.
2016an film bat jaso genuen, Iruñeko eta Madrilgo bi gizonena, Sheroes izenekoa. Azidoarekin erasoturiko indiar emakume batzuen historia zen, zeinek, erasotuak izan ondoren ekonomikoki independente izan ahal izateko, kafetegi batzuk muntatu zituzten. Maitemindu ginen; eta saria eman genion, noski.
Saria beti bitan banatzen dugu: batetik, Bekoz Bekoko norbaitek eskuz egindako sorkuntza bat; eta gero dirutxo bat, 250 eta 300 euro artekoa.
Kasualitatez, sarituriko urte horretan bi sortzaileak Indiara bueltatzekoak ziren, eta dirua eman zieten eskura. Argazkiak bidali zizkiguten guk egindako collage-arekin eta diruarekin, eskerrak emateko. Hozkailu bat erosi zuten.
Aldundiko Berdintasun arloko diru laguntzak irten ziren orduan, eta esan genuen: zergatik ez ditugu ekartzen? [erasoturiko emakumeak]. Tira, bada proposamena onartu zuten, eta hortxe joan ginen!
Zerekin egin zenuten topo han?
Emakume horiek ez zuten elkar ezagutzen. Etxean sartuta zeuden, aurpegia ezabatu zieten, desagerrarazi zituzten. Baten batek 5 urte ere eman zituen etxetik irten gabe, eta irteten zenetan, guztiz estalita zihoan, edota ilunpetan izaten zen.
Alok Dixit izeneko kazetari bat ikertzen hasi zen bere sorterrian azidoarekin egindako eraso bat, eta ohartu zen bazirela beste kasu asko, eta oso erraza zela azidoa erostea. Ohartu zen emakume horiek uste zutela eurek zirela bakarrak, zerbait egin zutela gaizki, eta horregatik jaurti zietela azidoa.
Ikusi zuenean guztiz isolatuta zeudela, pentsatu zuen elkar-indartzeko hoberena litzatekeela elkartzea, eta hasieran sei edo zazpi bildu zituen. Horiek izan ziren lehenengoak. Orduan ikusi zuten denek atzean historia berdina zutela, kasuistikak berak zirela: nagusiak berekin oheratu nahi zuela eta emakumeak uko egin ziola; lehengusuak harekin ezkondu nahi zuela eta neskak ezetz esan ziola; lagun batek harekin aferaren bat nahi zuelako eta ez ziolako utzi… Beti kasu berak. Beti zen gizon bat emakumeari eraso egin ziona, hark bere borondatea lehenetsi izanagatik.
Konturatu ziren ez zirela bakarrak, eta ezabatu nahi izan zituztela, ikusezin bihurtu. Stop acid atacks [eten azido erasoak] izeneko kanpaina bat abiarazi zuten, jende pila mugiarazi zuten, baina noski, ez zuten lanik, ez zuten diru sarrerarik, askok haur zirela utzi behar izan zioten ikasteari…
Pentsatu zuten kafetegi bat sor zezaketela, ez zutelako behar aurretiko prestakuntza handirik, eta aukera ematen zielako, aldi berean, ikusgai bihurtzeko, eurek zerbitzatu beharko baitzuten, ezin dutelako sukaldean egon egun osoz suaren beroagatik.
Orduan joan zineten, haiek ere hona ekarri izan dituzue, eta urri honetan egin duzue hirugarren bidaia hara.
Hala da! Eta izugarria izan da, elkarrekin hitz egin ahal izan dugulako lehen aldiz, itzultzailerik gabe tartean.
2018tik diru laguntza bat jasotzen dugu bertan ematen dugun formakuntza ahalbidetzeko; artean, ingeles klaseak. Ez genuen irakasle aproposa topatzen hasieran, baina azkenean egin genuen: gure lehen bidaian gida izan genuen gizon paregabe bat ari zaizkie klaseak egunero-egunero ematen. Eta horregatik, aurten, lehen aldiz, aukera izan dugu euren bizipenak beren ahotik entzuteko.
Menina sarietan aipamena jaso zuen bigarren proiektua ‘El local de todas’ da.
Nire obsesioa, hasiera-hasieratik, beti izan zen emakumeentzako espazio bat edukitzea, ez genuelako halakorik. Elkartzen ginen, baina hori ez zen aski; espazio seguru bat behar genuen.
Lokal honek [Zumalakarregi kalea, 7] denetarik egiteko aukera eman digu; aukera izan dugu etorri den emakume oro artatzeko. Etorri zaizkigu negarrez, egon dira kasuak non emakume horrek ez zuen jatekorik, emakumeak jantzi behar izan ditugu… Beste asko ez, noski, beste asko etorri dira, besterik gabe, egoteko; edo bakarrik ez egoteko; yoga egiteko; kontsulta bat egiteko; kafe bat hartzeko; josteko… Ni joskintzaren oso kontrako nintzen, baina jo, zeinen ongi ari zaigun etortzen! Askatu eta elkarri entzuteko espazio bat ematen digu.
El local de todas honek izan nahi du emakumeentzako espazio komunitario seguru bat. Berriro diot: hona etor daitezke askatzera, negar egitera; barre egitera, izugarri egiten baitugu; irakurtzera, orain badugulako liburutegi feminista bat; hamar minutuz egon eta besterik gabe, hemengoak agurtzera; hotza dutelako, berotu artean gelditzera; deskantsatzera. Etorri, eseri, eta gurekin egon zaitezke, edo bakarrik, behar duzuna, baina espazio seguru batean egongo zara.
Eta horretarako finantziazioa?
Orain dela urte batzuk sute bat egon zen Trintxerpen, eta bertan egon nintzen ni, laguntzen. Denetarik hasi ziren biltzen etxea galdu zutenentzat; jendearen erantzuna ikaragarria izan zen.
Ikusi nuen jende piloa dagoela prest, elkartasun kausa bat badago atzean, duen hori emateko. Proba egin genuen guk etxean genuen arropa salgai jarriz, eta tira, ikusi genuen bazegoela jende aktiboa; eta, erostera baino, arropa ematera etortzen zirela asko. Erabaki genuen hori merke saltzea, eta hala bizirauten dugu; gure finantziazio iturri nagusia bigarren eskuko arroparen salmenta da.
Horrez gain, eskaintzen ditugun emakumeentzako jarduerak, zeinak beti diren doakoak, diru-laguntzen bidez eskaini ditzakegu.
Nola izan zenuen sariketaren berri?
Bada, izugarrizko sustoa hartu nuen! [barrez]. Ni lanean ari nintzen, eta hori garbi utzi nahiko nuke: hemen gauden emakume guztiok gure lana dugu aparte, guztiz boluntarioa da hau, ez du inolako ordainsaririk, eta gure familiei denbora kentzen diegu hemen egoteko.
Gastronomia kongresu batean nengoen, eta, deitu zidaten unean Indiara joatekotan ginen, eta pentsatu nuen, «zerbait nahaspilatu dugu, eta ez goaz».
Oraindik ez dut ulertzen! Baina bai, hala izan zen. Aukeratu ninduten 2022ko Menina aitortza jasotzeko. Saria niri eman zidaten, ni naizelako Bekoz Bekoren jendaurreko aurpegia, baina hemen, eta ez atzean, alboan baizik, emakume asko ditut. Cristinarengatik [Agirrebeña] ez balitz, ez geundeke hemen.
Biok gertuko zenuten emakume baten hilketa matxista izan zen pizgarria.
2006an gure gelakide bat akabatu zuen bere senarrak, animalia batek. Hortik datorkio Bekoz Bekori izena, aurrez aurre, begiz begi, eta hildako emakumearen inizialak ere badira bi b-ak.
Manifestazio bat egin zen, baina biok [Cristina Agirrebeñak eta hark] argi genuen hori ez zela nahikoa, gehiago egin behar genuela. Eta egin-egin genuen. Hilketatik urtea bete zenean aste oso bateko egitaraua prestatu genuen, dirurik gabe guztia. Eta horregatik diot ez naizela ni aintzatetsirikoa, denak garela. Alboan ditudan zoro guzti hauen saria ere bada. Bai, askotan ni naiz erokeriak proposatzen dituena, baina eurek beti diote baietz; eta hortxe abiatzen gara, elkarrekin beti.