[Elkarrizketa] "Kalean euskararik ez bada, akabo"
Oarsoarrak Euskararen Saria jasoko du gaur oreretarrak. 25 urte daramatza Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunean ekarpena egiten. Irmo eta argi hitz egin du euskararen erabileraz.
2022ko Oarsoarrak Euskararen Saria jasoko duzu gaur. Zein sentimendu dituzu?
Lehenik eta behin esan behar dut ez zitzaidala burutik ere pasa saria jasotzeko aukera izango nuenik. Beti besteetan pentsatu izan dut, badirelako nik baino askoz meritu gehiago dutenak. Esan zidatenean, gaia serioa zela pentsatu nuen. XX. mendean hasi nintzen Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunean lanean, duela 25 urte jada. Horrek zer ikusia izan dezake epaimahairen erabakian. Ez dut esango gehiegikeria izan dela saria niri ematea, baina nabarmentzea gustuko ez duen pertsona naiz.
Pentsatu al duzu jada saria eskuan duzula egingo duzun hitzaldian? Zer esango duzu?
Jendearen aurrean hitz egiteko erraztasunik ez dut. Beraz, Juanba Berasategin, antzoki eder batean hitz egitea ez zait samurra egingo. Jada prestatu dut zer esan, entrenatzen ari naiz gainera! Esan didatenez, lau bat minutuko solasaldia izan behar du nireak. Hasiera batean luzeagoa zen zerbait prestatu nuen, baina murriztu behar izan dut [barre egin du].
Hizketaldian honakoaz hitz egin nahi dut, besteak beste: euskararen erabileraz, edo erabilera faltaz. Hori litzateke esango dudanaren titularra-edo. Azken zatian nire ibilbidean bidelagun izan direnei esker on mezua helaraziko diet.
Lau Haizetaran hasi aurretik ere, euskararen aldeko lanean ibilitakoa zara.
Bai, bai. Oso atzera joan beharko nuke. Adibidez, 26 urte nituela, ezkondu eta Agustinak auzora bizitzera joan nintzen 1985. urtera arte, Xabin Olaskoaga zen Errenteriako alkate garai hartan. Hango auzo elkartean kolaboratzen hasi nintzen. Orduan herriko gaietan jendea asko mugitzen zen. Auzo elkarte horretako kultura batzordean sartu nintzen beste hainbatekin batera, eta han euskararen erabileran eragiteko urratsak egin genituen. Euskararen erabilera bultzatzeko lanean temati samarra izan naiz; askori esan izan diet, euskaldun izanda, ea zergatik ez zuten euskara erabiltzen.
Bestalde, Markolako ikastetxean haurrek D ereduan izena eman zezaten ere lanketa egin genuen, besteak beste. Agustinetako ate guztiak jo genituen, banan-banan azaltzera zer zen D eredua, eta familia horiek eredu horren alde egin zezaten. Buruarekin baino, bihotzarekin egindako lana izan zen hura.
Zure obsesioa da euskara kalera eramatea.
Bai, hala da. Kalean euskararik ez bada, akabo. Bide horretan Lau Haizetararen kantu jiraren hasieran izan nintzen. Josu Berra izan zen egitasmoaren sortzaile, eta haren bidelagun izan nintzen hasiera hartan. Euskara paseatzera ateratzen hasi ginen horrela, hilean behin, hilabeteko bigarren larunbatetan 12:00etan Herriko Plazatik hasita. Kalean euskararen presentzia nabarmen falta izan da, eta euskal kantuak esparru itxietatik kalera atera genituen.
Zentzu horretan, Lau Haizetarak 2002. urtean sortu zuen Mari Domingiren eta Olentzeroren egitasmoa, bide horretatik ere euskararen kale presentzian eta erabileran eragiteko. Horretan ere Josu Berra izan zen sorreran. Pentsa, umeen kopurua jaisten ari dela egia da, baina jaso izan dira haurren 800-900 gutun, euskaraz. Eta horrek poz izugarria ematen du. Oso motibagarria da. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiot Iraultza Dantza Taldeko Ramon Garciari, hark egin zituelako Mari Domingiren eta Olentzeroren jantziak, laguntza handia eman zigun.
Mintzalagunan ere banabil. Ia-ia hasieratik nago bertan ekarpena egiten. Sekulakoa iruditzen zait jendeari, edozein adinekoa edo kondiziokoa izanda ere, euskaraz hitz egiteko tarte horiek eskaintzea. Askok beharra dute, inguruan ez dutelako norekin euskaraz hitz egin. Une goxo asko pasatzen ditugu Mintzalagunan.
Ekitaldi antolatuetan eta horrelakoetan bai, baina egunerokoan ere behar du izan euskarak kalean, ezta?
Euskara kalera ateratzearen gaiarekin, maiz esaldi bat erabiltzen dut. Euskaran aurrera pausoa ez dena, atzera pausoa da. Esan nahi dut. Taberna edo denda batera orain joaten banaiz euskaraz hitz egingo diot saltzaileari, nabarmendu nahi dudalako euskalduna naizela. Eta ez dut gaizki hartzea nahi, baina saltzaileak esaten badu gaztelaniara pasatzeko, hura ari da galtzen.
Esperientziaz gertatu izan zait, taberna batean bi zurito eskatu, eta tabernariari keinu bidez adierazi behar izatea azkenean zer nahi nuen; baina bigarren egunean, «bi zurito» esan, eta berehala atera dizkit tabernari berberak edariak. Eta alderantzizkoak ere pasa zaizkit. Denda batera joan, euskaraz eskatu dendariari pentsatuz euskaraz hitzik ere ez zekiela, eta hark nik baino hobeto hitz egin; «euskaraz sartu izan ez banintz, ez nioke nire buruari hori sekula barkatuko», pentsatu izan dut egoera horietan.
Esan nahi dudana da euskaldunok kontzientzia izan behar dugula erabileran aurrera egiteko, era aktibo batean eragiteko eguneroko gauza txikienetatik hasita. Bizitza konplikatu nahi ez baduzu, olatuen formara egokitu zaitezke; gauza da nola jokatu olatuak kontra datozenean.
Uste duzu, hainbat egoeratan, euskaldunek euskara erabiltzeko konplexuak dituztela?
Ez naiz soziologoa, ezta euskararen teorikoa ere. Baina oraindik ere defentsarako jarrerak dauzkaten euskaldunak daudela uste dut, hau da, hizkuntzaren erabileran konplikaziorik nahi ez dutenak daudela, dezente gainera. «Zergatik hasiko naiz euskaraz hizketan, ondoren gaztelaniara pasa behar badut?», pentsatzen dute askok. «Bi hizkuntzak menderatzen ditudanez, ez naiz egoera deserosoetan sartuko», diote. Hori atzera urratsa da nire ustez. Euskararen kontrako jarrera. Hizkuntza ez bada erabiltzen, herdoildu, usteldu eta desagertuko da. Eta horretan eragiteko euskaldunen jarrera da gakoa.
Egun, euskararen ezagutza eta erabilera ez datoz bat.
Tabernen adibidearekin jarraituz, eta baten batek pentsa dezake beti edanean nabilela [barrez]! Nire aurrean, euskaldun batek, tabernari euskaldunari gaztelaniaz eskatu zion kontsumizioa behin batean. «Ai ama!», pentsatu nuen. Baina errealitatea da hori. Orduan, galdera eta erantzuna biak batera ematen ditut: euskalduna nor da, euskaraz dakiena, edo euskara erabiltzen duena? Erabiltzen ez bada, zertarako balio du jakiteak?
Euskaraldiaren azken eguna da gaurkoa…
Bai, bai, euskaldunok kontzientzia hartu behar dugu erabilerari dagokionez, eta tokatzen denean olatuen kontra joan. Horretarako baliagarria da Euskaraldia, nire ustez. Baina ariketa kolektibo honetatik harago joan behar du euskaldunen aktibazioak, urte osokoa behar du izan, egunerokoa.
Ustezko euskaldun peto-petoek euskaraz ez badute hitz egiten, hori ikusita zer pentsa dezakete euskaltegian ari diren horiek, ahalegin betean euskara ikasten ari direnak?
Euskaltegietan ari direnetako asko, 35-55 adin tartekoak dira. Orduan, adin horrekin euskara ikasteko urratsa egiten duenak garbi-garbi du zer nahi duen: euskaldun izan nahi du. Ni neu, eta nire adineko asko, etxetik gara euskararen jabe, ia nahigabe ikasi genuen. Baina euskaltegian direnek denbora dedikatzen diote horri, dirua pagatzen dute, sakrifizioa egiten dute… Orduan, nola azaldu ikasle horiei, badirela asko etxetik euskara jaso, eta ez dutela erabiltzen? Ez dakit… Euskaldunzahar horientzat ez da meritua, antza, euskara jakitea eta erabiltzea, gure hizkuntzarekiko pasibotasuna dute. Eta lehen esan dudana: euskararen aldekoa ez dena, kontrakoa da. Erdiko biderik ez da nire ustez.
Dena dela, baikor naiz. Errenteria-Oreretako hainbat eremutan geroz eta gehiago entzuten da euskara, hori da nire ustea behintzat. Adibidez, gurasoen eta haurren arteko hizkuntza ohituretan euskara da nabarmen irabazle. Uste dut lehen ez zela horrela izaten. Eta horrek transmisioan eragina du, haurrek badituzte erreferenteak, etxean.
Baina adi: ikastetxeek ez dute guztiz euskalduntzen, beraz, ikastetxeetatik harago ere euskara behar dute haurrek, eta horretarako, familiako erreferenteez gain, bestelako asko behar dituzte kulturan, telebistan, haiek sartuta dauden Interneteko gauzetan… Dagoena baino gehiago behar dute.
Garbi duzu. Kolektiboan eragiteko, norbanakoen konpromisoa behar da.
Izaki sozialak gara. Elkar komunikatu behar gara, gehienetan modu berbalean, hitzez. Orduan, gauza da komunikazio hori nola egin nahi den. Bakoitzak zein jarrera duen, alegia. Barneratzen baldin badugu zer dagoen jokoan, eta nabarmena da hori nire ustez, jendeak ikusiko du beharra Lau Haizetaran lanean hasteko, adibidez. Zentzu horretan bestelako urrats txikiak egin daitezke egunerokoan, bakoitzak bere esparrutik.
Bestela, nik neuk zer egiten dut Lau Haizetaran 25 urtez lanean? Pentsa nezake denbora galtzen izan naizela. Baina uste dut eta sinisten dut euskararen alde lan egin behar dela modu batera edo bestera. Horrela, neure buruarekin ondo sentitzen naiz. Eta Oarsoarrak Euskararen Saria jasotzeak egindako bidean, pentsatzen dudanean, eta konpromisoan sakontzeko indarra ematen dit. Desio nuke beste askorengan ere sortzea erraietan dudan sentimendu hau