Lehenengoz, Orereta Ikastolak negulekuak antolatu ditu
Abenduaren 26ean hasi eta urtarrilaren 5era arte luzatuko dituzte, ikastolaren Linoko eraikinean. Izen ematea irekita dago honezkero.
Urteetan zehar udalekuak antolatzeak eskaini dion esperientzia baliatuta, aurtengo Gabonetako oporraldian negulekuak antolatuko ditu lehenengoz Orereta ikastolak. Abenduaren 26ean, astelehena, hasi eta urtarrilaren 5era arte luzatuko dituzte, ikastolaren Linoko eraikinean. Ikastolako ikasle izan edo ez, bost (HH3) eta bederatzi (LH3) urte arteko umeek izango dute izena emateko aukera.
Negulekuek haurrentzat jarduera erakargarriak eskaintzeaz gain, haiekin eta familiekin era hezitzailean lan egitea dute helburu, euskara ardatz betiere. Izena emateko azken eguna abenduaren 11, igandea, izango da. Horretarako informazio osoa hemen sakatuta eskuratu daiteke.