Udala kezkatuta irten da Sagardui sailburuarekin izandako bileratik
Beraungo erietxean urritik ez dute larrialdi zerbitzurik eskaintzen arratsaldez. Egun, Iztietako zentroak Beraungo bizilagunak artatzen ditu.
Atzo, osteguna, Errenteriako Udala Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin bildu zen. Izan ere, urriaren 10a ez geroztik Beraungo anbulatorioak ez du 17:00etatik 20:00etara larrialdi zerbitzurik eskaintzen. Udalaren arabera, horrek, hain funtsezkoa den osasun-zerbitzuarekiko hurbiltasuna eta irisgarritasuna murrizteaz gain, gainkarga bat ere sortzen du Iztietako anbulatorioan, joan den urriaren 10etik Iztietako eta Beraungo anbulatorioetako larrialdiei arreta ematen baitie; alegia, Beraunen artatzen zituzten herritarrek Iztietara jo behar dute.
Bileran, Aizpea Otaegi alkateak udalaren kezka adierazi zion sailburuari, eragin handia baitute hartutako erabakiek “errenteriarren osasun eta bizi kalitatean”. Bilera amaieran, ordea, udalak salatu du sailburuak gauzak argi utzi ez eta hurrengo urratsei begira data finkorik zehaztu ez izana.