Giza Eskubideen VIII. Jardunaldiak, abian
Hilaren 17ra bitarte "giza eskubideak aldarrikatzeko eta herritarrei horren inguruan gogoeta eginarazteko" hainbat saio eta ekintza antolatu dituzte.
Hilaren 10eko Giza Eskubideen egunaren harira, Errenteriako Udalak programa oparoa prestatu du Giza Eskubideen VIII. Jardunaldietarako, atzotik hilaren 17ra bitarte luzatuko dute aurtengoa. Hainbat jarduera eskainiko dituzte datozen egunotan, “giza eskubideak aldarrikatzeko eta herritarrei horren inguruan gogoeta eginarazteko” asmoz. Atzo aurkeztu zuten zortzigarren edizioa, Niessen merkataritza gunean.
“Ziurgabetasunak ardaztutako momentu historiko honetan, beldurra eta gorrotoa zabaltzen ari direnean, migratzaileak mehatxutzat hartzen dira”, esan zuten lehenik atzoko aurkezpenean. Horregatik, beharrezkotzat ikusi dute beste urte batez giza eskubideen urraketa saltzea, eta aldarrikapen hori osatzen duten artikulu guztien artean 13. artikuluan fokua jarri nahi izan dute aurten.
Horretarako, Maite Rosende diseinatzaile grafikoak ilustrazio bat egin du, eta hori ardatz hartuta, mural erraldoi bat jarri dute merkataritza gunearen kanpoaldean. Honekin, “etengabe urratutako eskubide bat aldarrikatu” nahi izan du udalak: zirkulazio askerako eskubidea. Izan ere, udaletik diote eguneroko bizipenen bidez ikusten dela “amaigabeak” direla jatorrizko herrialdeetatik Europako beste herrialdeetara migratzerakoan gaindu beharreko oztopoak. Hori adierazteko semaforoaren metafora erabili dute, finean, “zirkulatzeko baimena ematen duen edo ez duen semaforoa” irudikatu dute.
Egitaraua:
- Hilaren 16ra bitarte: Begiradak: Afrikako bihotzera bidaia magikoa erakusketa bisitatu ahal izango da Xenpelar Etxean.
- Hilak 10 (larunbata): Ekitaldi berezia egingo dute Ozzinema elkartearekin batera, 18:00etan, Niessen kulturgunean. Bertan, herriko Giza Eskubideen I. Zinema Dokumentalaren Jaialdiko sari banaketa egingo dute.
- Hilak 12 (astelehena): Mustafá está en el rellano antzerki foroa egingo dute, 19:00etan, Niessen kulturgunean.
- Hilak 13 (asteartea): Jaialdiko dokumental irabazleak proiektatuko dituzte Niessen Zinemetan, 19:00etan.
- Hilak 14 (asteazkena): Aporofobia Stop antzezlana taularatuko dute Niessen kulturgunean, 19:00etan.
- Hilak 15 (osteguna): Txori Urdina liburuaren irakurketa egingo dute Reina Aretoan, 18:00etan.
- Hilak 17 (larunbata): Lanku konpainiaren Urpekakariak haurrentzako antzerkia, 11:00etan, Lekuona Fabrikako Plaza Berdean.
Saio eta ekintza guztiak doakoak izango direla aurreratu dute antolatzaileek, baina gonbidapena eskuratu beharko da, lotura honetan.