[Erreportajea] «…emeki Emeki…», bidea egiten
Emeki Emakume Elkartea, Hondarribiko emakumeentzako erreferente da herrian. Urte osoan zehar emakumeak ahalduntzeko, ikusarazteko eta plazaratzeko lan egiten dute.
Urtean bi egun garrantzitsutan irteten dira bereziki emakumeak kalera: Martxoaren 8an, eta Azaroaren 25ean. Elkarrekin, saretuta eta antolatuta feminismoa, berdintasuna, indarkeriarik gabeko gizartea, patriarkatuarekin amaitzea eta justizia feminista aldarrikatzen dituzte, besteak beste. Hondarribiko Emeki Emakume Elkarteak ere egun horiekin bat egiten du urtero. Iragan hilabetean, esaterako, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean (A25), Martxoak 8 plazan elkartu ziren Sare moreak ehuntzen iniziatibarekin. Hondarribiko Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiak utzitako sareetan banderatxo moreak itsatsi, eta horietako bakoitzean «feminismoari eta borrokari buruzko» esaldiak idatzi zituzten, elkartuta helburuak lor daitezkeela adierazi nahi izan zuten: «Jendeak ikus dezala lotzen bagarela sarean, hau da, emakumeak taldean, lortuko dugula». Era berean, sare moreak Hondarribiko hiru eskolak zeharkatu zituen, egun horren atzean zer dagoen eta erreibindikazioak nondik datozen ezagutarazteko helburu zuhurrarekin. Eskola bakoitzean Mirabal ahizpen historia kontatu, eta ondoren, haurren artean mezuak idatzi eta sarean itsatsi zituzten.
Egun seinalatu horietan beren alea ezartzeaz gain, urte osoan zehar aritzen dira emakumeei zuzenduriko jarduerak antolatzen. Emakumearen Astean, Matxoak 8aren inguruan, astebeteko egitaraua prestatzen dute: kartel lehiaketa; Mairuak; pala txapelketa; kaleko margo lehiaketa. Horrez gain, urte osoan zehar ere ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, eta beste hainbat jarduera antolatzen dituzte, beti ere urte bakoitzean erakunde ezberdinetatik jasotzen duten laguntzaren arabera.
Ahalduntzea eguneroko lana da, eta horretarako esparru ezberdinak izatea beharrezkoa dela uste dute Tamara Sastrek elkarteko idazkariak eta Maria Jesus Berrotaran elkarteko kideak: «Denei ez zaizkigu gauza berdinak gustatzen. Horregatik, katalogo handi bat eskaintzen dugu bakoitzak gustuko duen horretan parte har dezan». Emakumeekin biltzeaz gain, familien inplikazioa ere garrantzitsua da elkartearentzat. Inauterietan, adibidez, haurrak, gurasoak eta familiak, guztiak elkartu, eta baserriz baserri ibiltzen dira, Mairuetan.
Arrakasta handia izan duen beste tailer bat Autobalidazio emozional tailerra izan da. Bertan emozioak kudeatzen ikasten dute, bai eta gizartearen presioak alde batera uzten ere: «Gizarteak uneoro kontent egon behar zarela esaten digu, baina hori ez da horrela. Ezinezkoa da beti pozik egitea».
Emeki 1991. urtetik emeki ari da bidea egiten Hondarribian. «Hasieran emakume talde bat ginen. Orain, edozein emakume etortzeko erreferente bat gara eta oso desberdina da hori», azaldu du Berrotaranek. Eta, bereziki, azkeneko bost urteetan elkartea «biziagotzen» eta herrira hurbiltzen ari direla sentitzen dute biek ala biek: «Mugimendu feministaren inguruan dauden aurreiritzi guztiak desmuntatzen joan gara, eta adierazten feminismoa dela pertsonak erdigunean jartzea, eta emakumeen eskubideen alde borrokatzea, inor zapaldu gabe».
Eguneroko ekintzetan ehun emakume inguruk parte hartzen dute. Hortaz, sozializatzeko espazio bat bihurtu da elkartea, eta bertan eguneroko istorioak, pozak eta kezkak konpartitzen dituzte. Sastre: «Asko laguntzen dira beren artean, terapia moduko zerbait izaten da askorentzat». Yoga, ehoziri tailerra, euskal dantza, running-a, jantzigintza, trikota eta kakorratza, eta beste hainbat tailer eskaintzen dituzte. Horien guztien helburua emakumeen ahalduntzea dela azaldu dute: «Emakumeak ahaldunduta sentitzen dira, bereziki, entzunak sentitzen direnean, eta elkarlanean gauzak egiteko gai direla ikusten dutenean».
Ikastaro horien artean berriena running edo korrikalarien taldea da. Iaz Ane Bayo dinamizatzaileak bere aldetik eskaintzen zituen korrika saioak indartzen ari zirela ikusita, Emekirekin kontaktuan jarri, eta urte honen hasieran, urtarriletik aurrera, elkarlanean hasi dira. Emekiren laguntzari esker, aurtengo neguan, Jostaldi pilotalekuan aldagelak erabiltzeko eta eguraldi txarra egiten duenean bertako gela bat baliatzeko aukera izango dute. Hasieratik oso proiektu interesgarria iruditu zitzaien elkarteko kideei: «Anek [Bayok] esaten zigun emakume asko daudela korrika egin nahi dutenak, baina ez dutela norekin joan, nahiago dutela taldean jardun». Bi talde daude: hasiberriena eta maila altuagoa dutenena.
Hala ere, ez da elkartetik bultzatzen duten kirol bakarra. Urte asko daramate emakumeen kirolari hegoak eta erraztasunak eman nahian. Pala, esaterako, Emekiren adierazgarri izan da ia elkartearen sorreratik. 1995ean egin zuten lehenengo pala txapelketa. Orain, baina, beste pauso bat eman dute. Pilota eskolaren barruan pala hastapeneko eskola bat sortu dute: «Kirol askotan gertatzen den bezala neska gazteek erreferente gutxi izaten dituzte, askotan ez dira telebistan edo irratian azaltzen. Poliki-poliki motibazioa galtzen joaten dira, eta kirola utzi egiten dute. Bagenekien palarekiko afizio handia zegoela herrian. Hori dela eta, Maider Mendizabal pilotariaren laguntzarekin eskoletan saio praktikoak antolatu genituen, eta gutxinaka gure eskolara hurbiltzen hasi dira», esan dute. Hastapeneko eskolaz gain, urtero Bixi-bixi Pala Txapelketa eta Emakumeen Pala Txapelketa antolatzen dituzte. Lehenengoa martxoan izaten da, Emakumearen Asteari lotuta, eta bigarrena maiatza-ekaina aldera. Horiek ere arrakasta handikoak izaten dira.
Aurten eskaini dituzten ikastaroei erreparatuz gero, Autobalidazio emozional tailerra izan da, bereziki, harrera oparoena izan duena. Bertan emozioak kudeatzen ikasten dute, bai eta gizartearen presioak alde batera uzten ere: «Gizarteak uneoro kontent egon behar garela esaten digu, baina hori ez da horrela. Ezinezkoa da beti pozik egotea».
Ikastaro horiez gain, udalarekin eta beste zenbait erakunderekin kolaborazio ugari egiten dituzte. Horrez gain, beste herrietako elkarteen egitasmo askorekin bat egiten dute.
Elkar saretzearen garrantzia
Saretzeak garrantzi berezia du Emekirentzat. Izan ere, herriko elkarteek elkarren berri izaterakoan, errazagoa da egitasmoan garatu eta egitea. Komunitatean babesa izateak, gainera, indarrak batzeko eta zenbait gauza lortzeko aukera ematen du aldi betean. Horren adibide da 2019an Hondarribiko zazpi plaza emakumeen izenekin izendatzeko aurkeztu zuten proiektua. Emekik Kote Guevararen, Koldo Ortegaren, Luis Mari Elosegiren eta Fermin Olaskoagaren laguntza izan zuen ikerketa txostena osatzeko. Bestalde, proiektua egikaritzeko Kofradiaren zein Mendelu Auzo elkartearen laguntza izan zuten.
Emekiren barruan ere saretzen joan dira urteetan zehar. Elkarteko kideen artean lanak banatuz egiten dute antolaketa eta prestaketa guztia: «Bakoitzak ahal duenetik ematen du, eta dena elkarbanatzen dugu. Gure artean saretzen joan gara, eta bakoitzak zerbaitetan jartzen du indarra: diru kontuak, harremanak, kartelen diseinuak, testuen zuzenketak, emakumeen egungo errealitatea kontuan hartuta testuek izan behar duten ikuspegia… Denen artean egiten dugu lan».
Dinamika berean, hau da, elkarlanean eta elkar saretzea praktikan jarriz, sortu zuten Antzina eta gaur liburua. 2020ko abenduan aurkeztu zuten Itsas Etxean. Hondarribian erreferente diren 28 emakumeren istorio, pasarte eta abenturak biltzen dituen liburuxka da. Herriko emakumeak ikusarazteko, plazaratzeko, eta Maialen Lujanbiok libururako idatzi zuen bertsoan azaltzen duen bezala, ahots apalak indartzeko helburua zuen proiektuak: «…emeki Emeki ari da mundu hobe bat azaltzen, ahots apalak indartzen».
Izan ere Hondarribian gauza asko egin eta lortu dituzten emakumeak zeudela bazekiten, eta ideia horretatik tira eginez osatu zuten bilduma. Berrotaran: «Prozesu luzea izan zen, baina oso polita aldi berean. Gutako bakoitzak informazioa bildu eta ondoren Koldo Ortegaren eta Kote Guevararen laguntzaz informazioa osatzen joaten ginen». Berrotaranek berak, Etxeberriak, Koro Bidaurretak, Ana Mari Blancok, Tzane Carrillok, Marilena Castillok, Marilu Fernandezek eta Edurne Noguerasek landu zuten liburua. Berrotaran, gainera, liburuko protagonistetako bat da, Hondarribiko lehenengo aguazila izan zelako 1981ean. Betidanik feminista izan arren, hitzaren esanahia ondoren ikasi zuela aitortu du: «Garai haietan zuk sentitzen zenuena esaten bazenuen, zerbait puskatzea zen, eta badirudi hori dela feminista izatea. Nik ez nekien hori». Liburuak eskoletara eraman eta ikasleekin tailerrak egin zituzten. Elkarteko kideak argi dute «irekiak» izan behar direla, eta txikitatik hasi behar dela feminismoa zer den azaltzen. Elkartean bertan, feminismoari buruzko lanekin liburutegia zabaldu dute: «Liburutegian utzitako zenbait liburu ditugu. Horrez gain, Arantxa Urretabizkaiak eta Maite Esnalek 200 bat liburu utzi dizkigute».
Gogotsu lanean jarraituko dutela adierazi dute: «Besteentzako zerbait positiboa egin dezakegu, eta horrek bizipoza ematen digu».